Artxiboak

1897 eta 1898ko soldaduxka : Belauntzatarrak Kubako gerran

Soldaduxkaren istorioa ezaguna da askorentzat baina belaunaldi berrientzat agian ez, izan ere, 2001. urtean bertan behera geratu baitzen XVIII. mendetik abiarazia zegoen erreklutamendu sistema.

Soldaduxka edo “mili”-ak urte jakin batetako kintoak (gazteen bostgarren zatia) erreklutatzean zetzan, zozketa bidez. Hauek formakuntza militarra jasotzen zuten urte bat edo biz gutxi gora behera eta bake garaietan baldin bazen, gaitz erdi, bertzela, momentuko gerren fronteetan akitzeko aukera handia zeukaten eta. Zozketaren antolaketa eta gazteei zegozkien jakinarazpenak udalaren konpetentziak ziren eta horregatik, egungo udal artxiboetan erreklutamenduaren inguruko serie bat egon ohi da.

Belauntzako Udal Artxiboan XIX. mendeko erreklutamenduak kuxkuxeatzen ibili gara eta urte esanguratsu batetan erreparatu dugu: 1898. Hura ez zen urterik oparoena izan espainiar estatuarentzat, ez barne politikan (ekonomia krisia eta ezegonkortasun politikoa medio) ezta kanpo politikan (Ameriketako koloniak
independizatu nahiean zebiltzan). Kubatarrak 1895ean altxatu ziren gobernuaren aurka eta 1898an gauzak gehixeago berotu ziren, Ameriketako Estatu Batuek ere gerra aitortu baitzioten, Kuba bereganatzeko asmoarekin.

1823ko ordenantza militarretan kintoen zozketak apirileko lehen igandean egitea zehaztu zen, ordu eroso batetan. Geroztik, “en abril, cada soldado con su fusil” esaera nahikoa ezaguna zen, nahiz eta zozketa hilabetea aldatuz joan denborarekin. Tira, ordua erosoa izan ziteken baina zozketan “saritua” ateratzea agian ez horrenbeste.

Soldaduxka egiteak bazuen bere erronka, gazte askok lana eta ikasketak alde batera utzi behar izaten baitzuten eta gainera, askorentzat lehenengoz bidaia handi bat egitea suposatzen zuen. Ohikoa zen iparraldeko mutilak hegoaldera edota Afrikara bidaltzea eta alderantziz. Interesatzen zaigun zozketa ordea, 1897koa da, mobilizazioa urte amaieran ematen baitzen eta hurrengoan bukatu, inkorporazioaren arabera lizentziatuz joaten zirelarik. Hilbeltzaren lehen egunean, Francisco Maria Celaya alkateak ohiko bandoa publikatu zuen, 19 urte betetzen zituztenen erreklutamendua gauzatuko zela jakinarazteko. Zozketa otsailaren lehen igandean egin zen. Udaletxeko dokumentazioan, argi ikus dezakegu prozedura guztia, osasun azterketa, nola libratu zitekeen eta abar, baita Hernani eta Belauntzaren arteko liskarra mutil bat nongo zerrendetan sartu behar zen zehazteko; gaztea Belauntzan bizi baina gurasoak hernaniarrak zituelako. Espediente guztiak artxiboko 15. kaxan daude.

Zozketako gazteak hauek izan ziren:
Domingo Iztueta Esnaola, Esteban Goenaga Oñatibia, Francisco San Sebastián Garmendia, Jose Echave Eceiza, Martin Uranga Muñagorri (zozketa unean egon ez zen bakarra, Habanan baitzegoen), Martin Lizaso Aizpurua eta Jose Hospitaleche Sagarzazu. Abizen hauek oraindik ere herrian diraute, Celaya alkatea eta Dravasa idazkariarenak bezalaxe.

Tolosan 29 gazte hil baziren ere urrutiko gerra hartan, ez zen belauntzatarrik zendu. Akitzeko, gertaera xelebre bat aipatu beharra dago. Proiektuaren azkeneko egunean, argentinar bat bertaratu zen udaletxera, Paskieta baserriaz galdetuz. Bidea mapan seinalatu genion eta honek bere arbasoen jatorria han kokatzen zela azaldu zigun, baita Etxabe abizena zuela. Harekin solasetan, zozketako Echave Eceiza gogoratu eta berari galdetu genion. Ba, erantzutean ¡a zer sorpresa! ¡1897ko gazte hura bere birraitona zen! bere sinadura ikusteko aukera izan zuen baserriranzko bideari ekin aitzinetik. Autokarabana hura paskietako bidetik pasa ote zen?

Mieltxo Sobrino