Submitted by ereiten on

Image removed.Villabonako jaiek badituzte hainbat jarduera urtero-urtero errepikatzen direnak. Hauetako batzuek urteetan zehar ohitura bihurtu direnez Santioak ez lirateke izango hauek antolatu gabe. Baina guztietan aintzindariena, musikarekin batera noski, zezenen inguruko tradizioa da.

Gaur egun sokamuturra egiten da Santio eta San Inazio egunetan. Egun haundiak dira eta egiten diren jarduera ugarien artean hauek dira bereziki jendea biltzen dutenak. Hesien atzean zaletu asko biltzen da ateratzeko irrikaz, beldurrez, jostakin, kurioso,... ausartei begira, noiz errekorte ederrak egin edo noiz hankaz gora ikusiko dituzten zain.

Hau izan zen 1909. urtean Jose Otegik Udalari bigantxak jartzeko dirulaguntza bat eskatzeko erabili zen aitzakia: "...pidiendo una subvención para la novillada que proyectan celebrar en honor de nuestro patrono Santiago, al objeto de dar variedad al programa de festejos que anualemnte tienen lugar, en atención a que se trata de un espectáculo que ha de atraer afluencia de forasteros..." (Villabonako Udal Artxiboa. 0010-01 cf). Dirulaguntza eman zioten noski.

Baina ez da hau zezenen inguruan dugun erreferentzia bakarra. 1678. urtean, San Martin jaietarako hesi berriak eraikitzeko erabakia hartu zen, han egiten den zezenketarako, "...por quanto para la corrida de toros que por las fiestas de San Martin se hace en frente de la parrochial yglesia del Señor San Maratin de esta Villa no ay barreras..." (Villabonako Udal Artxiboa. 0002-01 cf). Badirudi, garai batean zezenketarako zegoen ohitura oraingoa baino zabalagoa zela, bigantxez gain zezenketak ere egiten bait ziren, eta Santiotaz gain San Martinetan ere ospatzen bait zituzten.

Hala ere, gure artxiboan badago hau baino zaharragoa den dokumentu bat. 1622. urteko kontu liburu bat da. Liburu honetan hainbat zezen eta bigantxa jaietarako ekarri direla eta hoien truke ordiandutakoaren zerrenda ikusi dezakegu. "... a Domingo de Acolodi y Echeverria por un toro que dio para correr en los festejos de Señor Santiago de este año dos ducados...". Beraz, 1622. urtean Villabonan entzerruak egiten zirela baieztatu daiteke.

Ez dugu zerrenda hau bukatu nahi azken datu bat erantsi gabe. Edozein ikerketa lan ezin da ontzat eta amaitutzat eman gai horren inguruan beste artxibo batzuetan dauden dokumentuen kontsulta egiten ez bada. Gure blog honetako asmoa ez da inoiz ikerketa lanak aurkeztea izan, baizik eta gure herrietako artxiboetan topatzen ditugun dokumentu eta istorio bitxien berri ematea. Baina oraingo honetan, eta duela 15 bat urte Udal honek eta Tolosaldeako beste batzuek sustatutako lanei esker, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean dauden dokumentuen artean bilatu dugu. Bertan, gure artxibokoa baino pixka bat zaharragoa den dokumentua topatu dugu: 1605. urtekoa da eta bertan Amasako Migel Artetxek eta Amezketako Joanes Loidik Villabonako Udalari zezen bat zaltzen diote jaietarako. Honela ba, 5 mendeko ohitura da hau.


Amagoia Piá