Submitted by ereiten on

Image removed.Zein ausartzen da Xabiroi saritzeko dauden arrazoiak botatzen?

Joko arriskutsua da. Arrazoi asko dago; hortaz, baten bat ahaztea oso erraza da.

Gainera, bakoitzak bereak izango ditu. Hemen, gureak azaltzen saiatuko gara. Jakina, gure arrazoiak gure ikuskerari daude lotuak.

Lehenik eta behin, komikiak argitaratzeko ausardia aitortu behar zaio. Ausardiak, baina, ez du zertan emaitza onak eman behar. Xabiroiri dagokionez, kalitatea ez da azaldu behar. Ikusten da. Komikiak argitaratzeaz gain, komiki onak argitaratzen dira, maiztasunez. Meritu txikia iruditzen zaionari, saia dezala berak egiten.

Esan bezala, nork bere motxila darama arrazoiz. Horregatik, Xabiroi lan egiteko moldea ikusi, eta Napartheid datorkigu burura. Ez iragan minagatik, kate horren zati sentitzeko beharragatik baizik. Xabiroik DIY eta profesional izaera uztartzen ditu. Baita ondo uztartu ere.

Motxilan ere euskara ikasteko bidean komikia erabili izana daramagu batzuk. Eta hemen ere, Habeko Mik-en maila Xabiroik lortzen duela iruditzen zaigu. Bikaintasun hori Xabiroiren ale berezietan atzematen da.

Horrela, Xabiroi eragile kulturala dela uste dugu, ez nola nahikoa, alajaina! Errepasatu al dituzue zeintzuk diren marrazkilari eta gidoilari horiek? Zer nolako jarduna duten gurean eta nazioartean? Zur eta lur uzteko modukoa da Xabiroi egiten dutenen zerrenda.

Eragile ez ezik, nodoa da. Bakoitzak berea lehenesten duen honetan, elkarren arteko errespetu gutxi dugun honetan, besteak errudun eta txarrak direla sinesten dugun honetan… Xabiroiren inguruan aliantza, sare, elkarlan eta indarrak biltzen dira. (azalaren barrukoa!)

Eta Getxon zer eta Xabiroi saritzeak hori ere bikain islatzen du.

Xabiroi, baina, ez da bakarrik egiten. Hortaz, Dani Fano zoriondu beharrean, eskerrak ematea egokiagoa dela uste dugu.

Xabiroik hori egiten du. Baita hori baino gehiago. Argitaratzen dituen komikien kalitatea begi bistakoa da.

Eta hori egiteko moldea.


David Zapirain

Irudia: @imanol_mercero