Submitted by ereiten on

Image removed.Garbitu hitzak toki edo gauza batetik zikinkeria kentzea esan nahi du. Zikinkeriak berriz, toki edo gauza horretan berezkoa ez den eta kutsu negatiboa duen zerbait ematen du aditzera. Beraz, zerbait garbitzea toki edo gauza horrek berezkoa ez duen eta negatiboa den hori desagerraraztea litzateke. Baina zer gertatzen da pertsonak garbitu edo baztertzen direnean? Pertsonak zikinkeria izan daitezke? Eta nork erabakitzen du nor den zikinkeria eta nor ez?

Gerra Zibilaren eta Frankismoaren garaian pertsona ugari izan ziren zikinkeria bezala tratatuak. Boterean zeudenen ideiak ziren balio zuten bakarrak eta desberdin pentsatzen zuen oro jendartearentzat arrikutsu bihurtu zen. Pertsona horiek defendatzen zituzten ideia politikoak gaitz kutsakor kontsideratu ziren. Hori izan zen marxista de euskal abertzaleen kasua. Memoria historiko hori berreskuratu nahian udal-langileen garbiketa-espedienteen bila ibili gara artxiboan.

1937ko urtarrilaren 14ko udal-aktak jasotzen du lehenengo aldiz garbiketa-espedienteen berri Getarian. Izan ere, hilabete horretan, Gobernadore Zibil Orokorrak udal langileen garbiketa aurrerantzean udalari egokitzen zitzaizkiola jakinarazi zuen. Momentu horretatik aurrera Getariako udalbatzaren ardura izan zen bertako langileen gaineko azterketa politikoa burutzea eta, hala iritziz gero, langile hori bere lanpostutik kentzekoa.

Lehen garbiketa-espedienteak udal gordailuzain zen Juan Iriondo Mugerzaren eta udal danbolin-jole zen Emeterio Isasti Urangaren kontrakoak izan ziren, euskal abertzale izatea egotzita. Hauek ia modu zuzenean kaleratu zituzten, baina ondorengo agindu batek udal langile guztiei espediente bat ireki eta beraien inguruko informazioa biltzera behartu zuen udalbatza. Espediente hori langilearen inguruan bildutako informazioek eta langile beraren testigantzek osatu behar zuten, diotenez, arazo pertsonalak medio gezurra izan zitezkeen testigantzak eta kaleratzeak ekiditeko. Udal langile oro zegoen susmopean garai haietan.

Urte berdineko urrian, Emeterio Isasti danbolin-joleari bere lanpostua itzultzeko agindua jaso zuen udalbatzak, Komandante Militarraren eskutik. Euskal abertzaletasunaren aldekoa izan arren, danbolin-jole kargurako aproposa zela iritzi izan zuen eta Emeterio bere lanpostura bueltatu zen. Emeteriok zortea izan zuen eta azkenean pertsona garbitzat hartu zutela esan daiteke. Askok, ordea, ezin izan zuten zikintasun orbana gainetik kendu. Idatzi honek, ideia desberdinak defendatzeagatik garbiketa-espedienteen ondorioak jasan zituzten guztiak omendu nahi ditu.

Oihana Artetxe

Irudia: Propaganda Frankistaren parte den kartel bat da. Servicio Nacional de Propaganda delakoak egin zuen.