
2013
urtetik, Oiartzungo Udalak bertako artxiboan gordetzen den funtsen
edukia hedatzeari ekin dio. Horretarako udal mailan sortutako
dokumenturik esanguratsuenekin hasi da: udal-akta liburuekin hain zuzen
ere. Ez da ekimen berritzailea; hainbat eta hainbat herri dira funts
horien inguruan proiektu ezberdinak egin dituztenak, beti ere gure
iraganaren zati garrantzitsu eta uste baino ezezagunagoak jendearengana
hurbiltze aldera.
Dokumentazio horri ekiteko irizpide ezberdinak eman dira, bai kronologikoki, bai proiektuaren beraren mamitik: lana egiteko hautatutako materialak ez du beti hurrenkera duen denbora-irizpideri izan eta, era berean, batzuetan digitalizazioa burutu da, beste batzuetan hustuketa eta hainbatetan, bi lanak uztartu dira: Pasaian edo Errenterian esaterako. Oiartzungo Udalak aurretik digitalizazioari leku egin zion; aipatutako urtetik, ordea, hustuketari bideak ireki dizkio, hau da, akta liburuetan gordetzen den informazioaren ildo nagusiak euskarri informatiko batean islatzeari, bertako gaien inguruko laburpenak datu base batean ipiniz. Euskara hutsean egindako lana dugu, gainera. Azken irizpide hau azpimarratzekoa dugu, batzuetan halako proiektuak elebidunak izaten direlako edo aitzitik, gaztelaniaz bakarrik daude; alde batetik praktikotasuna bilatu daiteke, aktak hizkuntza honetan baitaude eta hustuketa lanak azkarrago egiten dira.
Lana burutzeko ardatz kronologikoa aintzat hartu da, liburu zaharrenetik hasi eta hurrenkera kronologikoa jarraituz. Izan ere, materialik zaharrenak normalean irakurketa aldetik zailtasun handiagoak aurkezten ditu. Modu honetan, 2013-2016 epean 1658tik hasi eta 1707 urtera arteko dokumentazioa hustu da: 33 liburu, ia 7.000 orri eta 4.700 fitxa pasatxo.
Egiari zor, ez dira oso akta zaharrak. Hau hala izateko arrazoiak anitzak izan daitezke: bilerak idatziz islatzeko ohitura falta, behar eza, gerrate, sute, uholde edo bestelako gertakariek eragindako kalteen ondorioz gertatutako dokumentazio galera… Edonola ere, horrek ez du esan nahi dokumentazioaren muina antzua dutenik, ezta gutxiago ere.
Datozen hilabeteotan hori frogatzeko aukera izango dugu. Udalak 2016ko urtarrilean ateratako oharrak prentsan izan zuen oihartzunaz gaindi (1), oraingoan beste ekimen bat abian jarri da; egindako lana ikusgarriago egiteko asmoz eta ildo honetatik, jendeak bere herriak gordetzen duen dokumentazioak ematen dituen aukerak helarazteko helburuaz. Horretarako, hilero berri txikien bitartez aktetan topatutako datuei lekua egiten saiatuko gara: batzuk ezagunak, ohikoak izango dira; beste zenbait, aldiz, ilunagoak; hainbat eta hainbat, ustekabekoak. Guztiek, baina, herriaren izena eta izana, iragana eta oraina ulertzen laguntzen dute. Helburua, funtsean, jendeak “paper zahar eta zatar” moduan hartu ditzakeen dokumentuak gaur egungo gizartean balioan jartzea da. Honela, XVII. mendearen erdialdetik XVIII. mende hasiera arteko gertakari edo erabakien berri emango dugu.
Aktetan hamaika gai dira jorratzen dira. Horietan udalbatzaren ikuspegia gailentzen da, eta bereziki bere interesak agerian geratzen dira: garia, haragia, ardoa, sagardoa edo olioa bezalako oinarrizko produktuen hornidura; txistularia, organojolea, erlojuzaina, medikua, botikaria edo maisua bezalako funtsezko hainbat zerbitzuen bermaketa, udal-ondasunen errentamendua, gastu eta beharrei aurre egiteko dirua lortzeko bideak, bideen mantenua, basoenganako ardura… Baina horrez gain, oiartzuarren kezka, eskaera eta arazoei buruzko berriak biltzen dira. Izan ere, udal-batzarreen ohiko erregistroez gain, sortetan bestelako dokumentazioa agertzen zaigu: erakunde zein pertsona ezberdinek udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera, gutun eta abar, hain zuzen ere.
(1) Udaleko web-gunean 2016-I-19an eskegi zen oharra ikusteko: http://oiartzun.eus/eu/Iragarki_Taula/Udal_berriak/20160119/Artxiboaren_hustuketa_euskaraz_hutsez_egiten_ari_da_Udala_lehenengoz).
Bertako, eskualdeko zein Gipuzkoako hainbat hedabideek ere, notiziaren
berri eman zuten. Besteak beste, Aski Prexko-k, 137. zenbakian (2016ko
urtarrila) (https://issuu.com/oiartzungoudala/docs/137_ap); Oarsoaldeko Hitza-k, 19an bertan (http://oarsoaldea.hitza.eus/2016/01/19/xvii-mendeko-udalen-akten-hustuketa-euskara-hutsez-egiten-ari-dira/) eta hiru egun beranduago, El Diario Vasco-k, urtarrilaren 22an: (http://www.diariovasco.com/oarsoaldea/201601/22/artxiboaren-hustuketa-euskara-hutsez-20160122000850-v.html).
- Log in to post comments