2002an, Newporteko antzoki berriaren eraikuntza lanetan ari zirela, egur aztarna batzuk agertu ziren. Modu honetan, eta larrialdiko indusketak egin artean, lanak gelditu egin ziren. Indusketek izugarrizko emaitza ekarri zuten, izan ere 2.000 ohol baino gehiago eta 300 objektu inguru aurkitu ziren, ia guztiak XV. mende erdialdeko ontzi bati zegozkionak. Emaitza horiek duela hainbat urte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu egin ziren, Arkeolanek burututako azterketa dendrokronologikoek, euskal egurrez egindako ontzia izan zitekeela ondorioztatzen baitzuten (http://www.gipuzkoakultura.net/index.php/eu/museoak-eta-ondareak/107-arkeologia/2058-la-madera-con-que-se-construyo-el-barco-medieval-de-newport.html http://www.arkeolan.com/dendrocronologia/) .
Pentsa dezakegunez, azkeneko urteetan zehar itsas-ondarearen adibide ikusgarri honen inguruko azterketa, analisi, kontserbazio, defentsa eta hedapen lanek jarraipena izan dute (http://newportship.org/). Egurraren ustezko euskal jatorriak ordea, ez du gure artean oihartzun handirik izan, eta ikerkuntza gutxi izan dira ontziari buruzko aipamenak jaso dituztenak. Horien artean, Pasaiako Udalak argitaratzen duen Sorginarri bildumaren ale bat aipa genezake, itsas-ondarea jorratu duena hain zuzen ere (http://issuu.com/ereitenkz/docs/s8._pasaia_atlantikoa_-_euskaraz-). Edonola ere, aurkikuntza honek izan duen garrantziaren testuinguruan, duela gutxi Ingalaterran ospatu den ekimen bat azpimarratu behar dugu.
Hain zuzen, uztailaren 17-18 artean, Bristolgo Unibertsitateak, bere Woodland Road 17ko egoitzan kongresu bat ospatu du. Bi egunez, jendez lepo zegoen aretoan, hainbat aditu, ikertzaile eta irakaslek gaiari buruzko azkeneko ikerkuntza eta ezagutzak aditzera eman dituzte, guztia garaiko Ingalaterra eta nazioarteko testuinguruetan kokatuz (http://www.bristol.ac.uk/history/events/conferences/newportship2014/).
Egun bat lehenago, uztailaren 16 arratsaldean, kongresuaren harrera ekitaldia egin zen: Giovanni Caboto italiarrak 1497an Ingalaterratik Ternuara arteko bidea burutzeko erabili zuen Matthew ontziaren kopian, Bristoleko kanalean zehar nabigatzeko parada izan genuen. Bildutako jendetzak aurrez programatutako irteera bakarra gainditu zuen, eta azkeneko egunetan beste bat antolatu beharra izan zen. (http://www.matthew.co.uk/).
Bigarren egunean kongresuak testuinguru zabalago bati lekua utzi zion: nazioarteko merkataritzari (bereziki Bristolek Gaztela eta Portugalekin izandakoari) eta Euskal Herria eta hemengo ontzigintzari, hain zuzen ere. Bristolgo Unibertsitateko Evan Jones eta Margaret Condonek Severn eta Bristol izan zituzten mintzagai, aduana-erregistroek eta “Great Red Book” delakoak halako esparrua jorratzeko ematen dituzten aukeretan beraien harreta jarriz. Bestalde, Francesco Guidi (Firenzeko Unibertsitatea-Bristolgo Unibertsitatea) mediterranear eta atlantiar munduen arteko merkatal harremanen inguruan jardun zen, Genoa eta Veneziako dinamika ezberdinak aztertuz. Hitzaldi bikain batekin, Flávio Miranda portugaldarrak kongresuari amaiera eman zion, egutegi arazoengatik Bristolen egotea ezinezkoa zitzaion Hilario Casadorekin batera egindako txostenarekin. Honen bitartez, Portugal eta merkatari burgostarrek Ingalaterrarekiko merkataritzan izan zuten papera jorratu zuen.
.
Bigarren egun honetan, garai hartan euskaldunek izan zuten papera ikusteko aukera izan genuen. Bi izan ziren horren ardura hartu zuten adituak: batetik, Wendy Childs. Gaztela eta Ingalaterraren arteko Erdi Aroko merkataritza harremanak ikertzerako garaian iturri ingelesen erabileran aitzindaria dugu bera. Honela, Gipuzkoari buruzko hainbat datu bildu ditu hamarkada luzeetan zehar eta horietako batzuk aurkeztu zituen. Bestetik, eta euskal ordezkari moduan, Michael Barkham izan genuen. Jakina denez, egungo euskal historiografiaren partehartzaileetako bat dugu, bereziki itsasoari lotutako gaiei dagokionez, Ternua eta Irlandako arrantzuak horien artean daudelarik. Oraingoan euskal ontzigintzaz jardun zen, Gipuzkoako kasuan bere begirada jarriz. Guretzago ezagunagoak izan daitezkeen gaiak, beraz, entzule ingelesen artean azaldu zituen.
Guztira, kongresuan 15 adituk jorratutako 14 gai aurkeztu ziren, binakako ataletan osatuak. Atal bakoitza amaituta, galdera eta eztabaidarako tarteari lekua egin zitzaion, oso interesgarri bezain atsegina. Orduan egin ziren ekarpen horiek guztiak amaieran borobildu ziren: kongresuko azken orduetan partehartzaileek bi egunetako emaitzen inguruko ausnarketa egin zuten, berriz ere galdera txanda bati lekua eginez.
Ondorio interesgarrienetako bat Wendy Childs irakasleak egin zuen. Izan ere, bere ustetan Newporteko ontziaren agerpenak ez du ondorio edo interpretazio zehatz bat ekarri; aitzitik, dokumentazio eta arkeologia emaitzek gaia gehiago ireki dute eta ondorioz, oraingoz ezin da behin-betiko baieztapenik egin ontzia nola eta zergatik iritsi zen, jabe nor zuen edota bestelako esparruen inguruan. Oraindik ere, egiteko bidea badago.
Laburbiduz, bi egun t’erditan gai interesgarri baten inguruko ekarpenak partekatzeko aukera izan genuen.
Gure zorionik beroenak beraz, bertaratu ziren entzule zein partehartzaileei; eta gure eskerrik beroenak Evan Jones eta Richard Stone-i, hara joateko aukera eman zigutelako.
Iago Irixoa
- Log in to post comments