
Lau pa bost galdera agindu genizkion. 7 egin ere. Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII dugu haren liburu berria. Liburu harrigarria. Beharrezkoa.
Juantxo Madariagaren lanaz ari gara. Behar bada, haren biografia edo bibliografia ematea da orain dagokiguna. Guretzat, ordea, Madariagaren fitxa honako hau da: haren lanei esker Historiaz idaztea ederra izan zitekeela ikasi genuen. Egun, berdin pentsatzen dugu.
Kalkulatzen hasita... urtetako lana da hau. muga non jarri eta amaiera noiz ezarri ezinezkoa duten lan horietako bat. EH osoko artxiboak, transkripzioak,...
JM: Lan hau egiteko zuzenena izan zitekeen lantalde bat osatzea, artxiboak sistematikoki jorratzeko, jadanik argitaratutako testuak batzeko eta ondoren batutako guztiaren laburpen ordenatu eta koherentea ezagutzera emateko. Baina ez da horrela izan eta lana neure ezagutzatik abiatu dut. Batetik,argitalpenetan zeuden hainbat aipu bildu ditut zein artxiboetan zuzenean atera ahal izan ditudan nahastu ditut, guztiekin testu ulergarria lantzeko. Seguru nago oso, talde batek artxiboak sistematikoki landuko izan balitu erreferentzia berri asko agertuko liratekeela eta liburu honen bolumena hirukoiztu litzatekeela.
Liburuaren hasiera oso gordina da: Argedaseko alkate euskalduna, Iparraldeko XIX. mendeko inkesta,1842ko Aguraingo udal itzultzailea,,.. datu hauek harrigarri suertatzeak gure historiari buruz dugun ezagutza eskasa eta euskaldunen autoestimo baxua ez ote dute islatzen.
JM: Bai, XIX. mendean hasi eta orain arte gure hizkuntzarekiko euskaldunek eduki dugun harrotasun kolektiboa oso baxua izan da. Gutxi gorabehera, 1840tik aurrera gertatu ziren aldaketa soziolinguistikoak eta instituzionalak. Euskaldunek, konplexuz betetako hainbat belaunaldi eragin zituzten, izan ere, euren hizkuntzaren gutxitzea onartzen zuten. Zorionez, azken 30 edo 40 urteetan egoera hau aldatzen ari da.
Zure lan honek betikotasuna jartzen du zalantzan; edo "inoiz ez"kotasuna: euskara ez da inoiz ofiziala izan, hemen ez da inoiz euskara hitz egin. “Beti” eta “Sekulaez”, historiaren etsairik nagusienak. Historia prozesu baten ikerketa da eta.
JM: Hala da bai, dokumentazioaren ikerketa sistematikoak, aurrez esandako ideia hauek erlatibizatzen laguntzen digu. Alde batetik, egiazta dezakegu, euskarak betidanik aprobetxatu dituela izan dituen zirrikituak nolabaiteko erabilera ofiziala lortzeko eta bestalde, nola izan daitekeen, egungo betaurrekoekin begiratuta, sekula euskaraz hitz egin ez den lurraldeetan (Araba eta Nafarroa batez ere), duela gutxi arte populazio gehiena euskaldun elebakarra zela egiaztatzea. Aldaketak eta gora-behera linguistikoak ikaragarriak izan dira historian zehar.
Era berean, hizkuntzaren galera naturala ez, soziala, politikoa eta bortxatua dela ondorioztatu dugu. Zuzen al gaude?
JM: Zalantzarik gabe, ez dago inongo “naturaltasunik” prozesu linguistikoetan. Alderantziz, aldaketen azalpena garapen sozialetan, ekonomikoetan, politiko-administratiboetan eta batez ere kulturaletan eta pentsamoldean bilatu behar da. Bereziki erakundeen “Hizkuntza politika” begiratu behar da.
Partidaren lehen zatia iraultza frantsesaren garaiko izan zela ematen du: Iparraldeko nolabaiteko ofizialtasunak, edo onarpena mailak gorena jo zuen iraultzaren hasieran. Gero, galbidea, irakaskuntzaren aldetik. Gaurkotasun handiko istorioa.
JM: Bai, batetik, egiaztatu behar da 1789tik-1840ra bitartean emandako aldaketa sozio-politikoek ondoko hizkuntza-aldaketak eragin zituztela, baina gogoratu behar da ere, prozesu hauek askoz luzeagoak direla eta XVIII. Mendearen hasieretatik heltzen datozela. Zer esanik ez, aldaketen guztien gainetik, duela bi mende emandako eztabaida linguistikoaren elementu askok, erabateko gaurkotasuna mantentzen dute.
Bigarren zatia XIX. mendean, ezta? 1830. urtetik aurrera.
JM: Halaxe da, nahiz eta denbora tarte hau, ez dudan ia ukitu liburu honetan, nabaritzen da ikuspegi sozio-linguistikoaren oinarrizko aldaketa Lehen Gerra Karlistatik aurrera.
Lan hau guztiz beharrezkoa zen. Historialariok beharrezkoa genuen. Alboratuko duzu gaia edo beste proiektu batzuk bultzatuko dituzu? Historia Hiztegia, leku izenen irakurketa historikoa, testigantza gehiago jasotzea,...
JM: Historialari bezala beti harrigarria iruditu zait nire kideak ardura zitezela, klase-borrokaz, politikaz, ekonomiaz, erakundeak ikertzeaz eta axolagabetu zitezela, horren garrantzitsua den faktore kultural eta politikoaz, ”hizkuntzaz”, euren ikerketetan agertzen diren pertsonen komunikazio hizkuntzaz. Nire iritziz historialariak gehiago sakondu eta hurbildu behar genuke, historia kulturaleko gaietara, ez baitira gai inozoak, eta ezin dira banatu bilakaera historiko orokorretik. Momentuz ikerketa ezberdin batean nabil murgilduta, Gipuzkoako liburutegi pribatuei buruz, hau ere historia kulturalaren barne. Baina ez dut gutxiesten etorkizunean hizkuntzaren gaia berriro jorratuko dudala.
- Log in to post comments