Submitted by ereiten on

Image removed.Apirila izanik, ezin ahaztu herriko festa esanguratsuena ospatzen den hilabetea dela. Zumaiako zaindaria San Pedro izan arren, San Telmo santuarekin loturiko festek esangura berezia dute zumaiarrengan. San Telmo itsasoarekin lotura estua duen deitura erlijiosoa da eta izen bereko festak ere itsas kutsu nabaria mantentzen jarraitzen du. Oraingoan, ordea, ez gara jaien inguruan arituko, San Telmo Kofradiaren sorrerari buruz baizik.

Zumaiako artxiboan Kofradia honen sorreraren berri jakin nahian ibili gara. Marinel eta arrantzale Kofradiaren inguruko zenbait dokumentu topatu ditugu gure bilaketan: kontu liburuak, fakturak, diruzain eta diruzain laguntzailea hautatzeko bozkak, kideen zerrendak… Hala ere, bertan gordetzen diren agiriek ez dute bere sorrerari buruzko informazio argirik ematen; ez dugu sorrerako bileraren aktarik bilatu, ezta lehenengo liburua ere.

Artxiboan gordetzen den San Pedro Gonzalez Thelmo Kofradiari buruzko dokumentu argigarri eta zaharrena 1610an Paulo IV Aita Santuak Kofradiaren alde emandako bulda da. Zeharka Kofradiari aipamen egiten dioten zenbait dokumentu daude (1701ko mailegu bati buruzkoa, San Telmo Kofradiako kideek hilabetero laugarren igandean ospatzen zen mezaren eta argizariari buruzko 1714ko araudiaren kopia eta 1764an San Telmo Kofradiako kide diren Ignazio Manzisidor eta Juan Arronak Jose eta Juakin Urbietaren kontrako auzia). 1774 eta 1775 urteko bi dokumentu dira Kofradia osatzen duten kideen berri ematen duten lehenak. Horiei esker, 1774an 102 kide zituela eta 1775an 106 jakin daiteke; tartean bikarioa, alkatea eta errejidorea. Bi kasuetan, kide bakoitzaren izen eta abizenak jasotzen dituen zerrendak dira, denak gizonezkoak.

Kofradiari erreferentzia zuzena egiten dion dokumentu zaharrena XVII. mendekoa izan arren, itsasoari eta itsas jarduerei loturiko Kofradia hau lehenagokoa dela agerian geratzen da. Alde batetik, Kofradiarekin estuki lotuta dagoen San Telmo baselizaren aipamen zaharrena 1540ko artzain-bisita batek ematen du. Bestalde, 1787ko Kofradiako liburuan, kabildoaren artxiboan gorderik dauden eta Kofradiarenak diren aurreko liburuen berri ematen da. Zehazki, bost liburu direla aipatzen da eta hauetariko zaharrena 1601. urtean hasten den kontu liburua dela. Badirudi ordea, kontu liburu hau eta 1787ko aipamenak adierazten dituen gainontzeko lau kontu liburuak (1633, 1669, 1701 eta 1735 urtean hasten diren kontu liburuak) galdu egin zirela.

Pentsatzekoa da Kofradiako liburuak galtzeak buruhauste ugari sortu zituela. Gertaera honek, San Telmo Kofradia inoiz existitu izan ez balitz bezala uzten zuen eta bertako kideak berriro ia hutsetik hastera derrigortzen. Sorrerako araudi edo ordenantzak galduta, iraganean ikertu behar izan zuten ordenantza berriak egin eta Kofradia berriro legeztatzeko. Honek, ordea, ez zien sorrerari buruzko daturik eskaini; horrela antzeman daiteke 1787ko liburuaren hasieran irakurri daitekeen eta ondorengoa dioen idatzian:

“Año de 1787, libro de la Santa Cofradía del señor San Thelmo de la Noble y Leal Villagrana de Zumaia, erigida en la dicha villa sin que se pueda lograr en que tiempo se instituyó y fundó; no se sabe su principio y tiempo de la fundación.”

Hala ere, goian aipatutako datuei erreparatzen badiegu eta San Telmo baseliza San Telmo Kofradiak sortua izan zenaren hipotesiarekin lotzen badugu, 1540rako herriko arrantzale eta marilenen kofradia sortua zegoela pentsa daiteke. Hau, baina, hipotesi bat besterik ez da eta ezin ziurta daiteke zumaiako artxiboko dokumentuak kontsultatuz bakarrik. Ukatu ezin dena berriz, 1601. urterako Kofradia martxan zegoela da, horrela adierazten baitu artxiboan topatutako urte horretan hasten den kontu liburuaren berri ematen duen aipamenak.

Artxiboan egindako bilaketak eskainitako datuekin, San Telmo Kofradia, ziurrenik, XVI. mendean sortu zela esan daiteke. Hala ere, kasu honetan, bilaketa beste iturri eta artxibo batzuetara zabaltzea komeniko litzateke. Hau, ordea, beste baterako utziko dugu…

Oihana Artetxe