Submitted by ereiten on

Image removed.Itzurun hondartzaren gainean, amildegia oinetan duela itsasora begiratzen duen eraikin txiki hau oso maitatua da Zumaiarren artean. Paraje berezian kokatua, txoko berezia du, baita ere, herritarren bihotzetan. Azken hilabete hauetan, ordea, San Telmo baselizaren izenak udalerriaren mugak gainditu ditu eta ospetxu egin da. “Ocho Apellidos Vascos” izeneko pelikularen sekuentzia bat bertan grabatu zenetik, Espainiako txoko guztietatik etorri dira bere bila galdezka. Denek atera nahi dute argazki bat eraikin xume honen aurrean. Baina noiztik du San Telmok gaur egun aurkezten duen itxura?

Erantzuna udal artxiboko dokumentuen artean topatu dugu. Zumaiako marinel-kofradiak eraikitako eta itsas izenpeko santua duen baseliza honen lehen aipena XVI. mendekoa da. Eraikinak sarritan behar izan du teilatua eta paretak konpontzeko beharra, agian kokatuta dagoen tokiak eskaintzen dion babes faltaren eraginez. 1945. urtean, ordea, benetako berritze proiektu bat aurkeztu zen. Dirudienez, baselizak berriro teilak aldatu eta paretak txukuntzeko beharra agertzen zuen eta, hau ikusita, Falangeko emakume sailak barrukaldea eraldatzeko proposamena bultzatu zuen. Azaroko idatzi batean, emakume sail honen kanpamentua baselizatik gertu kokatzen zela diote eta beraien zeregin erlijiosoetarako erabiltzen zutela San Pedro parrokiaren urruntasunarengatik. Baseliza udal eta San Telmo marinel-kofradiaren ardura izan arren eta hauen medioen falta ikusita, emakume sail hau altzari eta apainketarako diru-ekarpen bat egiteko prest agertzen da.

Berritze lana Ramón de Martiarenak zuzendu zuen, gerra ondorengo arkitekto nagusienetako batek. Bere egitasmoa artxiboan gordea dago, plano eta guzti. Bertan baseliza txiki honek jasan zituen aldaketak ikus daitezke; San Telmo baselizan egindako berritze lan garrantzitsuenak izan ziren hauek.

Planoetan ikus daiteke nola teilatua eta paretak, kanpotik eta barrutik, konpontzeaz eta egurrezko egitura berritzeaz gain, barrukaldean zenbait elementu berritu eta gehitu zirela. Alde batetik, egurrezko koro berri bat eraiki zen aurreko koruaren egitura berrerabiliz; bestetik presbiterioa, hau da aldarearen ingurua, berritu zen. Gainera, fidelentzako eserleku gehiago eta aitorleku bat ere eraiki ziren. Azkenik, pulpitua atondu eta barnekaldea apaintzeko marinel lanarekin lotura duten zenbait elementu erabili ziren; sare, arraun eta flotagailuak kasu.


Oihana Artetxe


Irudia: Indalecio Ojanguren. San Telmo Baseliza zaharberritu aurretik