
Urtarrilean
San Anton eguna ospatu izan da Getarian. Tradizio handiko eguna da
hau bertakoen artean eta baita inguruko herrietako bizilagunen artean
ere. Gaur egun, Urtarrilaren 17a, Txakolin uzta aurkezteko eguna
bilakatu da, baina udal-akta liburuak hartu eta denboran atzera egin
nahi izan dugu jai hau nola ospatu izan den jakiteko.
Aipamen zaharrena 1897. urtekoa da, baina idatzian garbi adierazten da aspaldidanik ospatzen zen ohitura eta tradizio handiko jaia zela. San Anton egunean eta aste horri zegokion igandean antolatzen ziren ekintzak, baita egun handiaren bezperan ere. Hain zuzen, udaletxeko karguek afari eder baten aurrean jai egunari ongi etorria ematen zioten bezperan. Hala ere, ez zen urtero horrela izan, badirudi ia hogei urte jarraian egon zirela Getariako Udal karguak San Anton bezperan afari eder hori ospatu gabe, 1887tik 1906ra bitartean. Azken urte horretan, udalbatzak Pedro Enbil izendatu zuen afaria antolatzeko arduradun eta horrela tradizio horri berriro eutsi zitzaion.
Urtarrileko jai egun hauetan zerbait antolatzen bazen, ordea, herri-kirol eta bertsolari saioak ziren. Udaletxeak bi edo hiru bertsolari kontrolatzen zituen eta hauek goizean eta arratsaldean ibiltzen ziren festa girotzen. 1947an Basarri eta Uztapide bertsolariak kontratu zituen Udalak; aurrerantzean ere horrela izango zen gehie- netan. Getariarren artean ber- tsolari bikote kutunena zela dirudi. Herri kirolen artean ia denetarik antolatu izan da, harri-jasotze eta aizkolari apostuak, idi-probak, herrikoen arteko eskupilota partiduak, lasterketak eta 1953an baita lokotx-bilketa ere.
Urteak joan eta urteak etorri, ez da San Anton egun bat bertsolari, pilota partidu eta idi probarik gabe. Beno, bai badira. Hutsune argigarri bat dago dokumentazioan gerra zibilaren urteekin bat datorrena. Adierazgarria da gainera, gerra ondorengo urteetako San Anton egunaren ospakizunak inoizko ospakizun soilenak izan zirela. Batzuetan, jaiak gizartearen eguneroko loture- tatik askatzeko edota egoera gogorrak alboratzeko katarsi moduko bat bezala ikusten dira, baina gerra zibilaren ondorengo urtetako egoera gogorrak hori ere ez zuen baimentzen. Gerra bukatu eta 10 urte pasa behar izan ziren, San Anton jaietan antolatzen ziren ohiko ekintzak berreskuratzeko. Baita berrikuntzaren bat edo beste gehitzeko ere.
Hemendik aurrera ez dira bertsolarien hitz, ahots eta tonuak festa girotuko duten doinu bakarrak; bertsolariez gain, dantza solteko txapelketak eta jazban edo musika bandekin dantzaldiak antolatuko dira. Izan ere, zer da festa musikarik gabe?
Oihana Artetxe
- Log in to post comments