Submitted by ereiten on

Image removed.Egun hauetan arrantza-ontziak atzera eta aurrera ikusten dira. Portuan sartu eta itsasora atera, portura bueltatu eta itsasora berriz. Antxoa arrantzatzeko garaia izaten da urteko sasoi honetan eta buru belarri dabiltza arrantzaleak. Getaria Gipuzkoako arrantza portu nagusienetarikoa da gaur egun, azken urteotan bere flota gutxitu arren zenbait arrantza-ontzi mantentzen jakin izan duena. Atzera begiratzen badugu ordea, Getariako portuaren garrantzia handia izan dela ikusten dugu.

Getariaren orografia eta kokapenak Gipuzkoako itsas babesgune nagusienetarikoa bihurtzen dute. Portuko instalakuntzak agertu baino lehenago ere, San Anton mendiaren babesean zabaltzen zen Markorbeko badiak gune ezin hobea eskaintzen zuen ontziak lotzeko. Badia horri esker, Gipuzkoako kostaldeko gune aberats eta estrategikoenetariko bat izan da historian zehar; arrantza ez ezik merkatal gune oparoa eta kostaldea defentatzeko funtsezko kokaleku militarra.

XVI. mendearen lehen erdian, Getariako portuak zuen babesgune izaera hori areagotu zen eta 1521. urtetik aurrera kostako babesgune garrantzitsuenetarikoa izan zen, baita kosta zaintzeko leku esanguratsuenetarikoa Hondarribia eta Donostiarekin batera. Garrantzia honetaz jakitun, Getariak kai berri bat eraikitzeko asmoa agertu zion erregeari. Martin Larraondoguno izan zen portua egiteko arduraduna. Momentu honetan lotzen da, Belsua Ugarte harginak egindako dike baten bidez, San Anton uhartea Getariako penintsulara.

Gure kostaldeko gune nagusienetariko bat izan arren (1883ko ekainaren 8ko legeak Kantauri kostaldean ibiltzen ziren ontzien babes portu ofizial izendatu zuen), XX. mendera arte Getariako portuak ez zuen instalakuntza zaharkituen berrikuntza sakon bat burutu. Mende horren lehen erdian, arrantza eta merkatal portu handi batean bilakatzeko egitasmoa jarri zen mahai gainean; trenbidea bertara eramatea ere pentsatzen zen. Baina errealitateak irudimena gailendu zuen oraingoan eta portuko egituran momentuko beharrei erantzuten zioten zenbait hobekuntza besterik ez ziren gauzatu.

Egitasmoa Elkano Marinel Kofradiaren ekimena izen zen. Jose Maria Aranbarri Getariarrak portuaren azalera 4.900m2 tatik 22.200 m2 zabaltzeko lanen proposamea egin zuen. Helburu nagusiak arrantza eta kontserba-industria bultzatuko zuen portuaren edukiera handitzea eta Bilbotik Pasairako bidea egiten zuten kabotajeko itsasontziei babesa eskaintzea ziren, baita itsasoarekin erlazio zuzena ez duten beste sektore batzuk bultzatzea ere. Egitasmoaren gauzatzearekin portuko bokalea 30 metrokoa egin zen, iparraldeko dikea altsatu zen enbatetatik babesteko, kaiaren babesa handitzeko beste nasa bat eraiki zen, portuaren barruko nasak sortu ziren ontzietako zamaketa lanak errazteko eta abar. Getariako portua berritzeko egitasmoa Celestino Mendizabalek gauzatu zuen eta 1919an bukatu eta inauguratu zen, kofradia eta arrantzale aterpetxearekin batera.

Gaur egun Getariako portuak duen itxura XX. mendearen bukaerako lanen fruitu da, baina baita bilakaera luze baten ondorio. Izan ere, porturik gabeko Getaria posible ote?


Oihana Artetxe