Submitted by ereiten on

Image removed.Iraila hilabete berezia izaten da kostako herrientzat. Lehen eta bigarren igandeak gorriz borobilduta egoten dira Euskal Herriko itsasertzeko egutegietan. Gehien bat arraun elkarteak dituzten herrietan. Hauek, oso ondo dakite igande horietan Donostiako Kontxako estropadarako zita dutela.

Getariak 1976. urtetik du Arraun Elkartea; ordurako, ordea, arraun tradizioa oso sustraitua zegoen herrian. Arrantzale herria izanik, arrain-sardara azkar iritsi, sarea bota eta bira bizkor egiten zekiten eskarmentu handiko traineru arraunlariak zituen. Arraun munduko iturriak kontsultatuz, Gipuzkoan dokumentatuta dagoen estropada zaharrena Getaria eta Zarautzeko tripulazioen artekoa dela jakin dugu. Dirudienez, 1761eko maiatzaren 2an jokatu zen, Moilarritik Donostiako kaira. Desafio honetan parte hartzen zuen traineru bakoitzak 11 gizonez osatutako tripulazioa zuen eta irabazleak 100 ezkutu jasoko zituen aurkariaren aldetik. Tamalez, ezin izan dugu jakin nor izan zen estropada aitzindari honetako irabazlea.

Gaurkoan XIX. mende bukaerara egingo dugu atzera, estropadak antolatzen hasi ziren garaira. Gaur egun egiten diren estropaden artean Donostiako Kontxako Bandera da Bizkaiko golkoan ospatzen den estropada zaharrena. 1879. urtean ospatu zen lehen aldiz norgehiagoka hau, Donostiako Udako jaien egitarauko ekintza bezela. Lehen estropada hartan elkarren artean desafioan zeuden tripulazioak gonbidatu zituzten. Arrakasta handia izan zuen ikuskizunak eta urtero errepikatzeko erabakia hartu zuten Donostiarrek. Geroztik, arraun mundua asko aldatu den arren, estropada honek txoko berezia izaten jarraitzen du arraunlari eta arraun zaleen artean.

Eta noiz hartu zuen parte lehen aldiz Getariak Kontxako estropadan? 1881ean izan zen. Estropada hori antolatzen zen hirugarren edizioa zen eta Hondarribiako traineruak irabazi zuen bandera. 1890 eta 1891 urteko edizioetan Getariako trainerua bigarren geratu zen; garai hartan nagusitasuna zuen Donostiako traineruaren atzetik. 1895. urteko edizioan berriz, Frantzisko Arregi patroi zuen Getariako “Nuestra Señora de la Paz” traineruak Kontxako bandera irabaztea lortu zuen. Pasaia, Orio (San Telmo eta San Jose traineruekin) eta Zumaiarekin lehiatu zen. Bigarren izan zen Pasaiari 26 segundu atera zizkion Getariak. Aurten, beraz, Getariako traineru batek lehen Kontxako bandera lortu zueneko 120 urte betetzen dira.

Ordudanik 5 Kontxako Bandera lortu ditu Getariak (1895, 1896, 1900, 1903 eta 1911), horietariko hiru Frantzisko Arregi patroi lanetan zela (1895, 1896 eta 1903). 1896. urtean gainera, Kontxako Bandera irabazteaz gain, Bilboko estropadan ere garaile izan ziren; “Esperanza” izeneko Getariako trainerua urteko traineru onenean bilakatu zen horrela. Iaz kaleratutako Artzape batean islatu genuen bezela, Getarian ederki ospatu zen tripulazioaren nagusitasuna.


Oihana Artetxe

*Argazkia: Euskomedia Fundazioa