Abuztua iristearekin batera, Mendigorria jaiak ospatzeko prestatzen ari da. Urtero bezala, jaietako ekitaldi esanguratsuenetako bat herriko plazan egiten diren zezen-festak dira. Ospakizun horiek hurbil daudela baliatuz, artxiboa atontzen ari garen Ereiteneko lankideon artean jakin-mina piztu da: zer-nolako erreferentzia dokumentalak aurki daitezke Mendigorriako Udal Artxiboan, herriko jaiekin eta, bereziki, zezen-festekin lotuta?
Bilaketak emaitza interesgarriak eman dizkigu: Gordetako dokumentazioaren artean, 1932koa den agiri bat nabarmentzen da. Dokumentu horretan, Mendigorriako alkatearen eta urte hartako jaietarako abereak ekartzeko ardura zuen abeltzainaren arteko akordioa jasotzen eta formalizatzen da.
1931ko testuinguruari dagokionez, aipatzekoa da errepublikar gobernu berria agintaldira iritsi egin zela. Azkeneko hau, gehienbat nekazariek osatzen zuten eta familia xumeen eta landako langileen bizi-baldintzak hobetzera bideratu egin zutela udalaren kudeaketa. Uda hartan, nekazal-krisiaren aurrean, udal-korporazioak herriko jaietako zezenak kentzea eta horretarako aurreikusitako dirua jornalen ordainketara bideratzea proposatu zuen. Neurriak, ordea, herriko gazteen artean aurkakotasun handia eragin zuen. Erabakiaren aurkako protesta gisa, uztailaren 25ean istilu larriak izan ziren, eta kalteak eta apurketak ere eragin ziren herriko udaletxean (https://www.mendigorria.eus/mendigorria/historia/siglo-xx/). Ondorioz, jaien tradizioa berdin mantenduko zen.
Urtebete geroago, dokumentu honetan ikus daitekeen bezala, udalak zezenak jaietara ekartzen jarraitzen du. Kontratuaren formalizazio-data 1932ko abuztuaren 5a da, eta bertan zehazten da abuztuaren 16 eta 17rako izango direla bi behi-nobilada eta bi frogen antolaketa. Era berean, akordioaren sinatzaileak identifikatzen ditu, hau da, abeltzaina eta Mendigorriko Udala. Azkenik, zerbitzua eskaintzeagatik bi aldeen artean adostutako prezioa ere jasotzen da.
Agiriak, jaien nondik norakoak ere zehazten ditu. Goizean, behi-probak egiten ziren, eta arratsaldean, berriz, nobiladak; azken horietan, gutxi gorabehera, hamar abelburu aterako ziren plazara. Era berean, zezen guztiak enbolatuta atera behar zirela ezartzen da, hau da, adarrak bolaz babestuta, eta derrigorrez, ospakizunak ilundu aurretik amaitu behar zirela. Horrez gain, atsedenaldiak aurreikusten ziren, bertaratutakoek musikaz gozatzeko eta freskagarriak hartzeko aukera izan zezaten. Bestalde, kontratuak hainbat klausula jasotzen ditu segurtasun-neurri eta bi alde sinatzaileen arteko erantzukizunen banaketari dagokiona.
Klausula guztien artean, bereziki aipagarria da zazpigarrena. Bertan, berariaz debekatzen da «abereei plazan eta ukuiluetan makilak, pikak eta abar ematea, baita saskiaren jokoa lantzea ere». Azken horrek, gaur egun desagertuta dagoen praktika bati egiten dio erreferentzia: behiaren erasoa eragitea, zumezko saski bat erabiliz. Praktika hori espresuki debekatzeak agerian uzten du 1932an jada bazegoela abelburuen tratuari eta haiengan kalteak eragin zitzaketen jarduerei buruzko kezka. Horrela, kontratuak jaietako jarduerak arautzeaz gain, ganaduaren zaintza eta segurtasuna bermatzeko neurriak ere jasotzen ditu.
Azkenik, aipatzekoa da dokumentu hau Mendigorriko jaien antolaketaren inguruko lekukotza dokumental baliotsua dela, duela ia mende bateko herriko jai-ekitaldien berri ematen baitu eta zezen-festek Mendigorrian duten tradizio luzearen erakusgarri baita. Oro har, balio historiko handiko dokumentu-iturria da, herriko jai eta tradizioen memoria zaintzen eta zabaltzen laguntzen duena.
Laura Sanchez
Artxiboak