Submitted by iab on

Sancho el Sabio Fundazioak antolatutako ondare dokumentalaren, datu irekien eta Wikidata bezalako tresnen inguruko hitzaldian egon ginen Ereiteneko bi lankide.

Hitzaldian gehien azpimarratu zen ideia izan zen katalogoak eta datu-baseak ez direla jada informazioa gordetzeko tresna hutsak. Gero eta gehiago, ezagutza konektatzeko, aberasteko eta bistaratze berriak sortzeko baliabide bihurtzen ari dira. Horretarako, datu irekien teknologiak erabiltzen dira, baita liburutegi, museo eta artxiboen munduan hain ezagunak diren Wikidata edo VIAF bezalako datu-multzoak ere.

Testuinguru horretan, Modesto Escobar eta Ángel Zazo-k hainbat proiektu aurkeztu zituzten. Proiektu horietan, erregistro bibliografikoak Wikidataren bidez aberasten dira galeria interaktiboak, mapak eta analisi estatistikoak sortuz.

Proiektuetako bat Creadoras en el Prado izan zen, Museo del Prado-ko datuekin garatua. Proiektuaren helburua museoko bildumetan eta testuinguru historikoan emakume sortzaileei ikusgarritasuna ematea da, datu irekiak eta informazio egituratua erabiliz.

Bestea, Hablando en data ekimena izan zen, Reina Sofía Museoko bibliotekatik sustatua. Bertan aztertzen da nola erabil daitezkeen datuak, bistaratzeak eta teknologia irekiak kultura-bildumak modu bisualago eta interaktiboago batean interpretatzeko eta zabaltzeko.

Hitzaldian azpimarratu zen ideia nagusia oso argia izan zen: liburutegiak, artxiboak eta dokumentazio-zentroak ez dira soilik informazioa gordetzen duten espazioak. Datu irekien eta kooperazioaren bidez, ezagutza aktibatu, konektatu eta herritarren eskura jartzeko funtsezko eragile bihurtzen ari dira.

Eta hor guztian zer egin eta esateko asko daukagu!!

Leire Mitxelena eta Mariaje Urquijo

 

[Argazkiaren iturria: Sancho El Sabio]

Tabakalera Liburutegiak