
Ongi
dakigu, bai. Hezkuntza edozein gizarteren euskarri nagusienetako bat
da. Hezkuntzarik gabeko herria, atzera doan herria da. Hezkuntza
abiapuntua da, baita haurren garapenean ere.
Haurrek beraz, hezkuntza behar dute. Noski. Baina haurtzaroa ere. Hezkuntza eta haurtzaroa. Gaur egun, hauek luzeegiak direla esan ohi da. Dena eskura dutenez ez omen diote inoiz haur izateari uzten.
Garai batean oso bestelakoak ziren kontuak. Villabonan topatu dugun agiri batean ikusiko dugun bezala, adibidez. Bertan, duela 100 urte eskas gure gizartearen hezkuntza eta haurtzaroa nolakoak ziren ikusi dezakegu.
Agiri horretan irakasleak zerrenda bat egiten du. Eskolara zioazen haurren zerrenda. Bertan, asistentzia, egoera, ardurak, adina eta mota guztietako oharrak biltzen zituen. Kasu honetan mutikoen izen-emateak bakarrik topatu ditugu, jakin badakigun arren neskenak ere egiten zirela.
Villabona osoan 82 mutiko matrikulatu ziren 1911-1912 urteko kurtsoan. Hauek Lehen Hezkuntzakoak ziren, hau da, 6 eta 11 urte bitartekoak. Zerrenda honetan iraila eta abendua bitarteko egoera jasotzen da. 4 hilabete horietan (oporrak kenduta guztira 92 lan egun) 40 haurrek 50 egun baino gehiago egin zuten kale. Beraz, haurren erdiak klase erdiak (edo gehiago) galdu zituzten.
Ikusgarria ezta? Ba hunkigarriena arrazoiak dira: "ausencia" (oso gutxi), "enfermedad" (gutxi batzuk), "las fábricas, ocupaciones, abandono" (asko, gehiegi) eta "desconocidas" (erdia inguru). 3 orduz bakarrik joan behar ziren eskolara. 3 bakarrik izan arren, erdiak ezin zuen joan auskalo zergatik, irakasleak berak ere ez zekien. Guk argi dugu: "Fábricas, ocupaciones, abandono". Ziur.
Guzti hau larria bada, irakurri irakasleak amaieran idazten duena: "...observase que el número de matriculados es muy inferior al total del curso escolar de la población, sin que esté justificada la causa de su no asistencia a esta escuela única". Izen emandako 82 mutiko horiek erdia baino gutxiago dira. 6 eta 11 urte bitarteko beste 82-100 haurrek izen-ematea bera ere ez zuten egin.
Hezkuntzarik gabeko gizartea, gizarte pobrea da. Gizarte pobrea, haurtzarorik gabeko gizartea da. Segida honekin bukatzea nahitaezkoa da etorkizuna aldatzeko.
Amagoia Piá
- Log in to post comments