Ongi jakingo duzuen bezala, koronabirusak eta berrogeialdiak Getariako liburutegiko zerbitzuari ere eragin dio. Martxoaren 12an jende-aurrerako zerbitzua eten egin behar izan genuen eta ordutik ateak itxita gabiltza. Jende-aurrera berriro noiz irekitzerik izango dugun ezin dugu oraindik ziurtatu eta irekitzen dugun unean ere, oso litekeena da zerbitzua oso mugatua izatea. Bai behintzat hasieran (erabilera eta funtzionamenduari buruzko araudi berria prest dugu jadanik, izango duzue honen berri).
Baina… honek guztiak ez digu eragotziko liburutegia sorkuntzarako, ezagutzak elkar-trukatzeko, jolastuz ikasteko, ikuspegi ezberdinak ezagutzeko… herri-eremua izaten jarraitu dezan ari gara. Ez dugu eragozterik nahi, behintzat. Guztiok bezala, bide ezberdinak baliatu beharko ditugu zuen etxeetara hurbildu ahal izateko baina saiatu, saiatuko gara. Eta saiakera hauetako bat ekainean bertan izango dugu. Izan ere, Iñaki Martiarena, “Mattin” marrazkilariak komiki-tailer bat eskainiko du online eta zuzenean 7-10 urte arteko haurrentzat.
Tailer hau, “Sortu zure pertsonaia” edukiduna, liburutegiko Facebook-etik zuzenean eskainiko dugu eta bi saio jarraituz osatuta egongo da: Lehena ekainak 4ean izango da. Hurrena 11ean. Bi saioak arratsaldez izango dira 17.00etatik 18.30etara. Behar izango duzuen materiala ere hauxe: arkatz beltz bat, errotulagailu bat, A3 papera (ez baduzue lasai, ohiko tamainako bi folio elkartuta A3ko folio bat lortzen da) eta borragoma. Saioaren egun eta orduetan gure facebook-ean sartu (gogoratu gure perfila “Getariako Udal Liburutegia” izena duena dela) eta hor topatuko gaituzue zuen etxeetan. Hala ere, aurretik tailerrean izena ematea gomendatu egiten dugu. Horretarako:
- Deitu gure telefonora astelehenetik ostiralera 16.00etatik 20:00tara. 943896147
- Edo nahiago baduzu bidali email bat libgetaria@gmail.com helbidera datu hauekin: zure izen-abizenak, adina eta telefonoa.
- Izen ematea ekainak 2ra arte
ZER: Belardoren Komiki Tailerra NOIZ: ekainaren 4 eta 11ean. 17.00etatik 18.30etara. NON: Online eta zuzenean. Liburutegiko facebook-ean: “Getariako Udal Liburutegia” NORENTZAT: 7-10 adinekoentzat BEHARREZKO MATERIALA: arkatz beltz bat, errotulki bat, A3 papera eta borragoma IZENEMATEA: Ekainak 2 arte. 943896147 telefonoan (astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20.00tara) edo email bat bidali libgetaria@gmail.com helbidera datu hauekin: izen-abizenak, adina eta telefonoa. Zuen zain!! |