Submitted by ereiten on

Image removed.Tarte honetan, orain pare bat urte, Getariako artxiboaren galerari buruz aritu ginen. Hau Lehen Karlistaldiaren ondorioetako bat izan zen, baina ez bakarra. XIX. mende hasierako gatazka horrek herria guztiz suntsitu zuela esan dezakegu.

Getaria gotorleku garrantzitsua izan da historian zehar. Bere orografiaren berezitasunek eta kostan duen kokaguneak gune estrategiko bihurtzen dute. Hori dela eta, gune militar izan da historian behin baino gehiagotan. XIX. mendearen hasieran bi aldiz militarizatutako plaza izan zen. Lehena Napoleondar Gerretan eta bigarrena Lehen Karlistaldian. Bi kasuetan portuak berebiziko garrantzia izan zuen.

Napoleondar Gerretan frantsesek okupatu zuten Getaria 1808ko martxoaren 5etik 1813ko uztailaren 1era. Egun horretan bertan portuko minak eztanda egin zuten, Getariako defentsetan kalte handiak eraginez. Gainera, 1814an tropa ingelesek San Anton mendiko gotorlekua suntsitu zuten.

Getariako defentsak egoera horretan geratu arren, 1834ko azaroaren 1ean, Lehen Karlistaldiaren testuinguruan, Getariako soldadu-taldea berrezarria izan zen. Kasu honetan, Getaria liberalen gune izan zen eta gatazkaren lehen lerroan egon zen. Egoeraz ideia bat izan dezazuen, 1835eko abenduaren 15ean Herrerieta errebalari su ematea agindu zuen Getariako Alkateak, karlistak bertan indartu ez zitezen. 1836ko urtarrilean ordea, karlistak Getarian sartu ziren herria guztiz suntsituz. Soldadu-talde liberalak 1838 arte irautea lortu zuen, tropa isabeldarrek Garate mendia hartu eta Getariak jasaten zuen blokeoarekin bukatu zuten arte. Guzti honen ondoren herria nola geratu zen imagina dezakegu...

1938ko irailaren 11ean Udalbatzak batzorde bat sortu zuen Lehen Karlistaldiak herrian utzitako kalteak zenbatzeko. Hilabete berdineko 20. eguneko udalbatzarrean herriaren egoeraren berri eman zuen batzordeak. Karlisten erasoak udal artxiboa, eskribautza, harresiaren barruko 104 etxe eta landa eremuko 51 baserri suntsitu zituen. Hiribilduan 15 eraikin bakarrik salbatu ziren eta horiek ez zuten bertan bizi ahal izateko adina erosotasun eskaintzen.

Egoera latz honen aurrean, Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundira laguntza eske jotzea adostu zuen. Getariarrak herrira bueltatu zitezen eta herria berreraikitzeko aukera izan zezaten, Getaria zerga eta arieletatik kanpo uztea eskatu zioten. Hilabete beranduago Udalbatzak erantzuna jaso zuen. Bertan, zergak eta arielak kentzeaz gain, egoera latzari benetan aurre egin ahal izateko eta hiribildua guztiz berregin ahal izateko, urteko 2000 erreal emango zitzaizkiela jakinarazten zen. Horri eta herritar guztien lanari esker, Getaria errautsetatik birsortzen hasi zen. Tamalez, ordea, Bigarren Karlistaldia iritsi zen XIX. mendearen bigarren erdian.

Oihana Artetxe

Irudia: Euskomedia