
Gabon
egunetan balea agertu zen Getariako portuan. Gaur egun gutxitan izaten
da aukera itsasertzetik bale bat ikusteko eta asko izan ziren gabonetako
oporrak bertara gerturatzeko baliatu zituztenak. Baleak euskal
kostaldetik urrundu dira, animalia hauen populazioaren beherakadak
bultzatuta. Baina baleek ere memoria historikoa balute, borondatez
urrunduko lirateke euskal arrantzaleen bale ehiztari ospea gogoan.
Euskal kostaldeko herrietan ohikoa izan da bale ehiza eta Getarian ezin bestela izan. Herriko armarria begiratzea nahikoa da Getaria eta bale ehizaren arteko harreman estuaz ohartzeko. Besteak beste, Zarautz Jauregian 2006an egin zen indusketa arkeologikoak ere harreman honen aztarnak atera zituen argitara. Bertan XI. mendeari dagokion bale hezur multzoa topatu zuten arkeologoek. Aztarna hauek Europako bale ehizaren aztarnarik zaharrenak izan daitezkela uste da.
Getarian bale ehizak izan duen garrantziaz jakitun, udal artxiboan gai honen inguruko bilaketa egin dugu oraingoan. Agiri bakarra topatu dugu, baina nahiko esanguratsua. 1879ko irailaren 24an sinatutako udal-aktak Getaria, Zarautz eta Orioko arrantzaleen arteko auzia aipatzen du. Dokumentu honetan, auzian izandako gastuak ordaintzen laguntzeko, Getariako arrantzaleei 2.800 erreal kuartoko diru-laguntza ematea adosten da. Baina ze auzi izan zen hau?
Ziur gaude 1878ko otsailaren 11ak Getariako ahozko memoria historikoan txoko bat duela. Egun horretan Zarautz, Orio eta Getariako arrantzaleek balea begiztatu zuten Zarautz parean eta beren txalupetan hura ehizatzera atera ziren. Roke Etxabe zarauztarrak sartu zion lehen arpoia animaliari eta hark Moilarri pareraino eraman zituen arrantzaleak. Inguru hartan lortu zuten arrantzaleek balea menderatu eta hiltzea. Garaiko kronikek kontatzen dutenez, Getariarrek balea herriko portura eraman zuten, Zarautz eta Orioko arrantzaleen gaitzespenarekin. Egoera honen aurrean, Zarautz eta Orioko arrantzaleek auzitara eraman zuten gaia. Hiru herrietako arrantzaleak 1879ko uztailaren 29 arte egon ziren auzitan. Azkenean, Azpeitiko Epaitegiak Getariarrei eman zien arrazoia. Aipatutako Getariako udal-aktak auzi honi egiten dio aipu.
Ehizatutako balea 6.250 pezetetan balioztatu zuten perituek, baina portuan bertan usteldu zen epaiaren zain. Balea Donostiara eraman eta bertan erakutsia izan balitz, 30.000 pezeta baino gehiago lortzeko aukera izan zutela estimatzen da 1928ko otsailaren 15ean La Constancia: diario integro fueristan “Konta Katilluk” sinatzen duen artikuluan. Baina Ernest Hemingway idazlearen “Agurea eta Itsasoa” eleberri famatuan gertatzen denaren antzera, balearen hezurdura bakarrik aprobetxatu ahal izan zuten arrantzaleek. Donostiako Udalak erosi zuen bale honen hezurdura eta gaur egun Donostiako Aquariumean ikusgarri dago. Bale hau izan zen teknika tradizionalekin euskal kostaldean ehizatu zen azkena.
Oihana Artetxe
Irudia: 1878ko otsailaren 11ean ehizatutako balearen hezurdura. Iturria: www.aquariumss.com
- Log in to post comments