Submitted by ereiten on

1936ko gerrak Portugalen harrapatu zuen lanean; 1935ean atera zen jesuita izateko bidetik eta gerratik libratu zen, baina gero zailena egin zuen: itzuli Bilbora eta espioitza lanean hasi zen erbesteko Jaurlaritzaren zerbitzupean, eta 1947ko martxoan, salaketaren bat tarteko, Deustuko etxera joan zitzaizkion polizia espainolak eta ihes egitea lortu zuen, eta Parisen kokatu zen. Han, 1954 arte, besteak beste, Jon Mirande eta Txomin Peillenen irakasle eta akuilu izan zen. Benetako euskaltzale porrokatua beti; eta jakintsua, bere garaiko jakituriaren jabe: autore grekoak eta batez ere latindarrak, frantsesak…denetik, eta guztien gainetik euskaraz ateratzen zen ororen irakurle amorratu.

Orixe eta Zaitegirekin batean, Euzko-Gogoa (1950-1960) euskarazko kultur aldizkari miragarria egingarri egin zutenetakoa. Artikulu ederren idazle eta gutun-idazle amorratua.

Parisetik, lehenik, eta ondotik Ameriketatik –Guatemalan pare bat urte, eta bere bizitzako azken 11 urteak Caracasen–, berrehun eta gehiago kideko sare sozial euskalduna eraiki zuen 1948tik 1967ko azaroaren 2an hil zen arte.

Bizimodua ateratzeko lana egin hango edo hemengo enpresako bulegoren batean; etxera heldu eta euskarazko literatur ekoizpena irakurri, eta artikuluak eta gutunak idatzi euskaraz; bereziki eta nagusiki horretan eman zituen lanak uzten zizkion eta loari ostutako orduak.

Oso ondo idazten zuen; euskara batu aurreko euskaraz idazteko, oso batuan; bera ama-hizkuntzaz bizkaieradun izanagatik –elantxobetarra–, gipuzkeran oinarrituriko batuan idazten zuen. Eta beti dotore eta fin, oso modu gustagarrian.

Garai hartako euskal kultura nolakoa zen, zein gai ziren erabilienak, zein genero eta zer-nolako trataera ematen zitzaien interesatuz gero, bazka polita aurkituko duzu hemen. Eta, besterik gabe, euskara ona irakurri nahi baduzu, erretorika ederrez jantzia, baduzu hemen abagune polita.

Ez daude, jakina, idatzi zituen gutun guztiak; bere bizitza guztian pare bat mila idatziko zituen; urte batean saria ere eman zioten (1952) gutun gehien idazteagatik euskaraz; baina gutunak ez daude biluzik; azalpenez hornituak datoz eta hiru liburukitan bilduak, bakoitza bere hitzaurrearekin. Azken liburuan, falta diren gutunak zerrendatuak daude, nahi izanez gero Bilboko Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekan eskatzeko aukera izateko.

Kulturzale eta euskaltzale irudikatzen zaitudan horrek, ziur naiz han edo hemen aurkituko duzula gogobeteko zaituen zerbait, eta hortaz, ez zaizula damutuko gutunok gainbegiratzeari eta irakurtzeari ekin izana. Hala izatea espero dudala, jaso prestatzaile honen agurrik beroena eta adeitsuena.


2017ko urtarrilaren 18an

Pako Sudupe

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 1

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 2

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 3