Submitted by ereiten on

Image removed.Gabonak gerturatzen ari diren garai honetan, Olentzeroren antzera, Getariako historia aberastuko duen opari txiki batekin gatozkizue. Dakizuenez, bertako artxiboa Lehen Karlistaldian erre zen eta, ondorioz, ia ez da 1838. urtea baino lehenagoko dokumenturik gorde. Hau horrela, zenbaitetan beste lekuetan zaindu den dokumentazioaren bitartez jakinarazten ditugu bertako gertakizunak. Gaurkoan dakarkigun gaia Iago Irixoa lankideari esker ezagutu dugu. Ikerketa batean murgildurik zegoela, Adunan eta Sorabillan (Andoain) zeuden 70 irlandar Getaria eta Zarautzera lekualdatzeko Diputazioaren 1653ko abenduko agindua topatu baitu. Baina nondik nora irlandarrak gurean?

Irlandaren eta euskal kostadearen arteko merkatal harremana Erdi Arotik dator. Euskaldunak Irlandara sardina eta legatza arrantzatzera joaten ziren eta, horrek, Irlandako merkatal sareetan sartzea ahalbidetu zien. Hala ere, XVII. mende erdialdekoa ez zen merkatal harremana izan. Irlandarrek arrazoi politiko-militarrak izan zituzten orduan Euskal Herrira etortzeko. Garai horretan, Irlandarrak Erresuma Batuko gobernuaren errepresio eta jazarpena jasaten ari ziren, Ingalaterrak burututako konkistaren ondorioz. Horretaz gain, Espainiako Koroa barne eta kanpo testuinguru belikoan murgildua zegoen. Horren barnean 1655-1660 bitarteko guda anglo-hispaniarra deritzona dugu. Azken gatazka hau bi koroen arteko merkataritza politiken ildotik sortu zen eta Oliver Cromwell-ek (Ingalaterrako buru politiko eta militarra izan eta Irlanda eta Eskoziaren konkista burutu zuen kristau protestantea) bultzatu zuen. Testuinguru liskartsu honetan, katolikotasunaren bermatzaile ziren Irlanda eta Monarkia Hispanikoaren arteko harremanak estutu ziren. Horrek Gaztelako Koroa buru zuen armadan irlandarren papera areagotzea bultzatu zuen XVII. mendearen erdialdean. 1641-1654 artean 22.500 irlandarrek penintsularako bidea egin zutela uste da.

Gipuzkoara iritsi ziren gehienak Pasaiako portura egin zuten. 1653ko urtarrilaren 6an 3000 infante irlandar iritsi ziren bertara. Etorkin hauen gehiengoa soldaduak ziren eta beraien etorrerak, oinarrizko beharrei erantzuteko prestaketez gain, behin baino gehiagotan gehiegikeriak eta liskarrak sortu izan zituen; ez horiek bakarrik. Muga lurraldea izaki, Gipuzkoan egoteak soldadu bati baino gehiagori desertatu, ihes egin eta Frantziara alde egiteko aukera eman zion. Hau saihesteko asmoz, Probintziak kontingentea sakabanatzeko erabakia hartu zuen 1653ko maiatzean. Irlandarrak Gipuzkoa barnealdean sakabanatu zituzten, baina Pasaiatik ez oso urrun, edozein momentutan armada antolatu eta itsasoratzeko prestakuntzak ahalik eta azkarren egiteko aukera mantentzeko asmoz. Lehen sakabanaketa honek ez zituen liskarrak eten eta 1653ko abenduan bigarren dispertsioa agindu zen: 70 irlandar Amezketa eta Abaltzisketara; Asteasu eta Larraulen zeuden 100 irlandarrak Goiatz, Errezil eta Bidanira; Aduna eta Sorabillako 70ak Zarautz eta Getariara; eta Zizurkilgo 50ak Oriora lekualdatzeko asmoa agertu zen.

Baina asmo hori gauzatu zen? Iritsi ote zen irlandarrik Getariara? XVII. mendeko erdialdeko eliz agiriek zenbait bikote irlandarrek haurrak Pasaiako badiako elizetan bataiatu zituztela adierazten dute. Agiri hauek baliatuz, 1650-1660 bitarteko Getariako bataio liburuak miatu ditugu datu bila. Horrela topatu ditugu irlandar bikote baten bi alabak izan daitezkeenen bataio-agiriak. 1658ko urtarrilaren 17an Antonia Buler Moran batailatu zuten, Diego Buler eta Maria Enoranen alaba eta 1660ko uztailaren 17an bikote beraren bigarren alaba bat, Teressa Buler Moran. Buler abizena Irlandar jatorriko Butler abizena izan daitekeela pentsatzen dugu. Moran abizena berriz, fonetikotasun irlandarra duen amaren Enoran abizenaren moldaera.

Gainera, ikusi dugu, 1650-1660 bitartean Getarian bataiatutako haurretatik bederatzik ez dutela amaren edo aitaren daturik jasotzen, bigarren kasua gailentzen delarik. Hau argigarria suertatzen da 1630-1650 bitartean horrelako kasu bakarra dagoela aintzat hartzen badugu. Hau Getariara gizonezko irlandarrak iritsi eta bertako emakumeekin harremanak izan zituztenaren adierazgarria izan daiteke.

Beraz, 100% ziurtatu ezin badugu ere, bataio liburuetan lortutako datuek Aduna eta Sorabillan zeuden 70 irlandarrak Getaria eta Zarautz bitartean sakabanatu zituztenaren hipotesia baieztatzeko pauso bat dela pentsatzen dugu.

Oihana Artetxe

Irudia: http://www.libraryireland.com