
Dagoeneko
blog honetan plazaratu diren artikuluek artxiboetako funtsetan hamaika
gauza daudela frogatu dute; bai espero daitezkeenak, baita aurreikusten
ez direnak ere. Egoera berezi honek modu askotan aurkezten den
informazioa topatzea dakar, logika duena edo logikarik gabekoa; azken
finean, ohikoagoak direnez gain, antzinako paperen artean gauza bitxiak
eta atentzioa ematen duten batzuk topatzen dira. Xelebretasunaren
munduan mamitsuenetarikoak, zalantzarik gabe, idazkera frogak dira; hau
da, notario edo eskribauen ikasleek edo apopiloek beren etorkizuneko
lanean trebatzeko idazten zituzten zirriborroak.
Halakoek anitz gauza islatzen dituzte; deigarriena, adibidez, non idazten ziren ikustea da. Izan ere, idazkera froga hauek edozein lekutan egin zitezkeen, baita balio juridiko-administratiboa zuten dokumentuetan ere. Notario-eskriturak horren lekuko bikaina dira, adibideak ugariak direlarik; halako idatziak gordetzen dituzten sortetan, orduko zein beranduagoko idazkera frogak topa daitezke. Baina ez dira hor bakarrik ageri: Asteasuko 1558-1559 urte bitarteko kontu liburuek ere, adibide asko aurkezten dituzte.
Deigarria gerta dakiguke dokumentazio originala zirriborroak egiteko aprobetxatzea. Hori egiteko arrazoiak ugariak izan daitezke. Batzuk ematearren, bi aipatu ditzakegu. Batetik, irakurketa gaitasun eza; hau da, mutiko horietako askok, eta beraien maisuek, ez zekiten aurreko mendeetako edo hamarkada luze batzuk lehenago sortutako dokumentaziorik irakurtzen; gaur egungo “orri zikinen” funtzioa betetzen zutela esan genezake.
Bestetik, dokumentuari berari garrantzia gutxi ematea. Aurreko urte, hamarkada edo mendetan idatziak izaki, iraganari lotuak hartzen ziren eta modu honetan, sortu eta urte gutxiren buruan beraien balizko balioa pasata zegoela uste zen. Udal-kontuei dagokienez, behin kontuen ikuskatzea egin eta azaltzen ziren zenbatekoei adostasuna emanda, “benetako” balioa galtzen zutela ematen du. Gorde, gorde egiten ziren, baina iraganeko kontutzat hartzen ziren eta honela, kontserbatzeko edo (ber)erabiltzeko irizpideak gaur egun izan ditzakegunen oso bestelakoak ziren.
Aipatzen ditugun zirriborro horietan modu askotakoak aurkitu daitezke. Badaude ariketa matematikoak islatzen dituzten frogak; hauetan bitxienetako bat beste batean jaso genuen euskarazko zenbakiekin harremana du. Izan ere, halako idazkera froga moduan euskarazko testuak edo esaldi gutxi batzuk topatu izan dira, Asteasu beraren kasuak edo Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoarenak ondo adierazten duten bezala(1).
Asteasuko udal kontuetan ikus ditzakegun zirriborro horiek beste hainbaten ezaugarriak dituzte. Froga horietan ohikoenak hizki solteak dira, bokaleak edo kontsonanteak, silabak, baina hitz osoak ere egon daitezke, edo pertsonen izenak. Honela, aipatutako kontu-liburuetan “Domingo de Camio”, “Don Antonio de Çauala. Don Miguel de Aguirre”, edota “Don Pedro de Ayalde, beneficiado de la tierra” bezalakoak ikus ditzakegu.
Beste batzuetan notario-dokumentu baten hasierako esaldi edo hitzak jaso ditzakete, hala nola: “Joanes de Lizarraga, vezino de la tierra de Asteassu, a diez días del mes de setiembre de mill e quinientos y cinquenta”, “La merced que V. Merced hizo a mi hermano”, “memoria de los maravedís (?)”,“De la memoria de mí, Marticho”, eta abar. (Ikusi 1.go irudia)
Askotan, gehienetan, froga hauek ez dute zentzurik edo esanahi argirik; azken finean, zirriborroak edo trebatzeko ariketak baitira, besterik gabe. Baina hainbatetan, eguneroko bizitzaren printzak eskeintzen dizkigute, gerora gutun edo beste dokumentuen zati izango ziren zatiak hain zuzen ere:
“La merced que V. Merced hizo a mi hermano la hestimo en ssumo grado por (… ) Vesso a V. M. las manos ynfinitas vezes. Escríueme que pague a V. M. (…) treynta mill reales. Escríueme que pague a V. M. treynta e nueue mill reales. Escríueme que pague a V. M. treynta”. (Ikusi 2.garren irudia).
Edota:
“Sepan quantos esta carta de testamento y postrímera voluntad. Ayer a la mañana escriuí a V. M. largo con el hordinario. Después acá, lo que se ofresce es que Antonio de Armora, Ascenio [sic] de Armora, a uenido a ssu casa con entera salud y larga vida”. (Ikusi 3.garren irudia).
Are interesgarriakoak dira filosofia erlijiosoaz bustitako testu luze zein motzak, garaiko pentsamolde, heziketa eta hezkuntzaren lekuko direnak. Batzuetan otoitz liturgiaren esaldi motz batzuen amaigabeko zatiak dira, irakurriz gero mantra baten modukoak liratekeenak:
“María Santíssima, conceuida sin pecado oreginal, amén. María Santíssima, conceuid [sic] sin pecado oreginal, amén. María Santíssima, conceuida sin pecado oreginal, amén. María Santissi”. (Ikusi 4.garren irudia).
Baina bertzeetan idatziek mami gehiago dute:
“Todo fiel christiano es muy obligado a tener deuoción de todo coraçón de la Santa Cruz de Christo, nuestra luz, pues en ello quisso María por nos, redemir de la cautiuidad de nuestro pecado y del enemigo malo. Y por tanto, te as de acostumbrar a signar y santigoar aciendo tres cruzes: la primera en la frente, la segunda en la boca, la tercera en los pechos. Ablando con Dios, nuestro Señor, mostrad cómo en el nombre del Padre y del Hijo y del Espíritu Sancto, amén, por qué os signastes en la frente porque nos libre Dios de los malos pensamientos. La segunda en la boca, porque nos…
Todo fiel cristiano es muy obligado a tener debozión de todo…”. (Ikusi 5.garren irudia).
Funtsean, balio juridikorik gabeko idatziak dira, esanahi argirik gabeko testuak, besterik ez; baina batzuetan, zirriborro horietatik tanta batzuk izatetik, zuku eder bat ateratzera iritsi gaitezke; garaiko gizartera hurbiltzen uzten diguna.
Iago Irixoa
(1) Asteasurako, https://www.ereiten.eus/blog_view.php?uuid=24&cat=Asteasu; AZPIAZU ELORZA, J. A.: “Palabras y textos vascos antiguos”. In: Cuadernos de Sección. Hizkuntza eta Literatura, 7 (1988), 7-14, bereziki 12. orr. (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/literatura/07/07007014.pdf); eta batez ere, IRIGOYEN, A.: “Dos textos arcaicos del siglo XVI”. In: IRIGOYEN, A.: De re philologica linguae vasconicae II. Bilbo: Deustuko Unibertitsatea, 1987, 231-235 orr. Azken testu hauen irudiak artikuluan bertan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboen web-ean ere ikus daiteke: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKAVisorArchivoJSWEB/estatico/index.html?consulta=GPAH&fich=GPAH70097_A_000100v.jpg&numImages=2&sec=null.
- Log in to post comments