
Garai
batean animaliak etxeetan hazi eta hiltzen ziren, baina denborarekin
guzti hori aldatzen joan da apurka. Nekazal guneetan txerribodekin
mantendu da gehien, baina gaur egun oso toki gutxitan egiten dira. Izan
ere, gaur egun haragia non-nahi erosi dezakegu, gure beharretara
egokituz.
Herri eta hirietako haragi eskaria bideratzeko, XIX. mendean hiltegiak eraikitzen hasi ziren. Herriguneko etxeetan abereak hiltzea, jadanik, ez zen egokitzat hartzen, higiene kontuak zirela medio, osasunarentzat arriskutsua izan zitekeelako. Getarian 1889koa da hiltegiaren buruzko lehen aipamena. Urte horretan, herria haragiz hornitzeko ardura zuen Jose Elosuk herriko hiltegi publikoaren egoera txarraz kexu da, bertan egin beharreko garbiketa lanak egiteko, ur hornidura eskasa dela ohartaraziz. Hau dela eta, behin-behinean, abelburuak Francisco Enbilen etxean hiltzeko baimen eskaera onartzen dio udalak.
Udal hiltegiaren egoera tamalgarriaren aurrean, 1901ean udal batzorde bat eratu zen hiltegi berria eraikitzeko kokaleku egokia aztertzeko. Batzorde horrek Gaztetape izendatu zuen hiltegi berria eraikitzeko herriko toki egokiena bezala, itsasoko aireak abelburuak freskoago mantentzen lagunduko zuela argudiatuz. Hau horrela, herriko albaitariak eta haragi ikuskatzaileak, batzordekideekin batera, “Marcobe” (egungo Malkorbe) izendatu zuten Gaztetapeko gunerik egokiena, baina toki honek ez zuen perituen oniritzia lortu. Azkenik, herrigunean zegoen Katrapona enparantza aukeratu zen hiltegi berria egiteko gune.
Tokirik egokiena Katrapona-andia izenekoa zen, baina bertan ontziola bat omen zegoen kokatuta. Ontziola hori udal lurretan zegoen eta, bertan kokatzeko baimena lortu zuenean, udalak lurzorua herritarren ongizaterako beharko balu eraisteko aginduko zuela hitzartu zen. Egoera honek ez zuen herriko bizilagun guztien onarpena lortu. Alde batetik hiltegia herrigunean kokatzea osasunarentzat arriskutsua izan zitekeela eta herri arrantzale batean ontziolaren beharra aldarrikatzen zuten ontziolako jabe eta lagunak zeuden. Hauek tokirik egokiena Malkorbe zela defendatzen zuten. Bestalde, udalaren erabakia babesten zuten herritarrak zeuden.
Azkenean, udalaren erabakiak aurrera egin zuen eta, Donostiako Domingo Ezeiza maisuak eginiko planoa jarraituz, hiltegi berria eraikitzeko obren esleipena Juan Eizagirre Orioko bizilagunaren aldekoa izan zen. Eraikuntzak 5401,63 pezetako kostua izan zuen udalarentzat eta 1903ko otsailerako amaitua zegoen. Hiltegi berriko araudia urte bereko martxoan ezarri zen.
Oihana Artetxe
- Log in to post comments