
Abendu
bukaera arte zabalik egongo da Ricardo Ugarteri eskainitako erakusketa.
Trintxerpeko Ciriza Etxean eta San Pedroko udal aretoan, bere ibilbide
artistikoaren zati bat aurkituko dugu, non, materia eta hutsaren arteko
elkarrizketa, eta itsasoa diren gai nagusiak. Tamaina ezberdinetako
eskulturek, obra grafikoak eta zenbait artelanen maketek osatzen dute
artistari eginiko omenaldi xume baina hunkigarri hau.
Erakusketaren irekiera egunean Ricardo bera ezagutzeko aukera izan nuen. Presentzia handiko gizona iruditu zitzaidan; heldutasunak ematen duen zuhurtasunaren atzean, bere begirada biziak arreta deitu zidan. Berekin bi hitz trukatu orduko ohartu nintzen bere adeitasunaz. Plazer eta apaltasun handiz erantzun zituen erakusketara hurbildu ziren ikusleen galdera zein eskaerak.
Zabalik daraman denbora honetan adin eta baldintza guztietako pertsonak pasa dira erakusketaz gozatzera. Baina bada bereziki interesatzen zaidan pertsona mota bat. Atea zeharkatu orduko artean ezjakinak direla komentatzen didaten horiek, alegia. Kontu handiz hurbiltzen dira eskulturetara eta arretaz aztertzen dituzte beste mundu bateko objetuak izango balira bezala. Baina badago eskultura bat gainontzekoetatik bereizten dena: “Txalaparta”. Izenak aditzera ematen duen moduan, mailu txiki batzuekin kolpatuz musika sortu daiteke eskultura honekin. Beharbada horregatik, edo nahi gabe jolasarekin erlazionatzen dugulako, ikusleak mailuarekin kolpatzen duen unean arteari izaten zaion beldur moduko hori desagertaraztea lortzen du. Ideia eta aurreritzi guztien gainetik, altzairuari lapurtzen dizkioten nota horiek benetako gozamenaren isla dira.
Sara Etxebeste- Log in to post comments