
Getaria
Kantauri kostaldeko itsasontzi askoren babesleku nagusia izan da
denborale eta enbatetan. XX. mendearen hasieran ordea, eskaintzen zituen
azpiegiturak oso eskas geratzen ziren horrelakoetan jasotzen zuten
itsasgizon kopuruarentzat. 1902an portua handitzeko egitasmoa idatzi
zuen Jose Maria Aranbarri getariarrak, Elkano Arrantzaleen Kofradiak
bultzatuta. Portu berriaren helburua kabotaje-ontzientzat eta
arrantza-ontzientzat babesleku egokia izatea zen.
Helburu horrek ordea, Getarian lehorreratzen ziren arrantzale eta itsasgizonak artatzeko gune baten beharra sortzen zuen. Ordurako, euskal itsasgizonak Kantauriko itsasgizonentzat aterpetxe baten beharra aldarrikatzen hasiak ziren. Honi erantzuna eman nahirik, Kantauriko Arrantzale Aterpetxea Getarian eraikitzeko erabakia hartu zen. Itsasgizonen babes beharraz jakitun, Elkano Arrantzaleen Kofradiak proiektua gauzatzeko batzorde bat osatu zuen eta 1918ko uztailaren 16an aurkeztu zuen. Aterpetxea portuan kokatzea eta Kofradiaren egoitza, arrain salmentarako gela eta itsasgizonentzako aterpetxea barne hartzea proposatzen zen bertan.
Eraikina 1919an, Elkanoren mundu biraren IV. mendeurrena ospatzeko ekintzen baitan, inauguratu zuten. Beheko solairuan salmenta gela, arrain biltegia, ikatz eta gatz biltegiak eta itsasgizonentzat atseden gela ezarri ziren. Azken hau beheko solairuaren erdigunean kokatu zen eta itsasgizonak atseden hartzeko bankuak eta arropak lehortu ahal izateko esekigailuak zituen, erdian kokatzen zen tximinia handiaren inguruan antolatuta. Lehenengo pisuan, berriz, aterpetxearen arduradunaren gela, Kofradiakoa bilera aretoa eta 200 pertsona baino gehiago jasotzeko lekua zuen logela handia egokitu ziren. Bertan egur eta olanezko oheak eta higiene zerbitzuak ezarri ziren. Azkenik, bigarren pisuan, beharrezko guztia zuen erizaindegia prestatu zen: esku-ohea, ebakuntzetarako mahaia, itsasoan zauritu eta gaixotuak artatzeko oheak...
Gaur egun Getariako portuan egoera tamalgarrian ikus daitekeen eraikinak, berebiziko garrantzia izan zuen Kantauri itsasoan arrantzan eta merkataritzan ibili ziren itsasgizonentzat. Getarian babesleku ezin hobea zutela jakiteak, ingurune arrotz batean lan egiteak zituen arriskuak gozatzen lagunduko zien ziurrenik.
Oihana Artetxe
- Log in to post comments