
Lehenengo
Karlistaldiak Getariako egunerokotasuna eten zuen. Herriko ohiko
dinamika geldiarazi zuen, dinamika berri batzuei bidea zabalduz. Gerrak
aldaketak ekarri zituen; batzuetan aurreko bizimoduarekin eta ohiturekin
erlazionatuak zeudenak. Gerra osteko urteetan egindako zenbait
aldaketek, ordea, ez zuten harrera ona izan biztanleen artean. Aldaketa
txiki batek izan dezakeen eragin handiaren adibide bat izango dugu
gaurkoan hizpide.
Getarian portuak eta arrantzak garrantzia handia izan dute. Itsasontziek arrantzatutako arraina portuan deskargatzen zuten, salmentarako saskietan antolatuz. Getarian, Gipuzkoako gainontzeko portuetan bezala, ohikoa zen Udalak saski hauen ekoizpena urtero enkantean ateratzea. Hau horrela, eskaintza honena egiten zuen saskigilearen ardura zen portuko saski eskariari erantzuna ematea.
Itsasontziek ekartzen zuten arraina merkaturatzeko eta garraiatzeko ezinbestekoak ziren saskiak. Berebiziko garrantzia zuen itsasontzia lehorreratzen zenean portuan behar adina saski prest egotea. 1848ko Azaroaren 10eko Udalbatzarreko aktak jakinarazten duenez ordea, saski enkantearen ohitura gerraren ondorengo urteetan eten zela dirudi. 1846, 1847 eta 1848 urteetan Udalak ez zuen zerbitzu hau enkantean atera, salmenta librea sustatzen zuten lege berrien eraginez.
Saskigileen arteko konpetentzia medio, hasiera batean, salmenta libreak saski ekoizpenean onurak ekar zitzazkeela pentsatu zen: saskien kalitatea hobetzea, prezioen merketzea, beharrezko saski produkzioa bermatzea... Gauzak, baina, ez ziren horrela izan. Salmenta libreak ekarri behar zituen onurak ez ziren Getariako saski produkziora iritsi. Etziren pozik ez arrantzale eta ez mandazain. Salmenta libreak ez zituen prezioak merketu, ez zuen saskien kalitatea hobetu eta, okerrena zena, ez zuen portuko saski eskaera asetzea bermatzen.
Portuan eta arrantzan oinarritutako ekonomia zuen herri batentzat egoera hori jasangaitza zen. Horretaz jakitun, Getariako Alkateak ohiko saski enkantera bueltatzeko baimen eskaera luzatu zion Gipuzkoako Agintari Nagusiari. Erantzuna baikorra izan zen, beti ere, Getariako Udalbatzarrak erabakiari babes osoa ematen bazion. Inolako zalantzarik gabe eman zioten baietzkoa Getariarrek eta 1849an portuko beharrak asetuko zituen saski produkzioa enkantera ateratzen hasi ziren berriro. Ohitura zaharrera bueltatu ziren eta horrela jarraitu zuten 1856 urtera arte.
Oihana Artetxe
Irudia: Imanol Urkizu (Artzape aldizkarian argitaratua)
- Log in to post comments