
Urtea
bukatzen ari da... 2015a agurtu eta 2016ari ongietorria emateko
momentua hurbiltzen doa... Getariarrek Salbatore Deuna elizako erlojuari
so egongo dira hilabeteko azken eguneko gaueko hamabiak noiz iritsiko
zain, urteko azken hamabi kanpai-hotsak aditzeko irrikitan.
Erlojuak denbora neurtzeko tramankuluak dira. Historian zehar gizakia elementu desberdinez baliatu izan da denbora neurtzeko edota momentuko ordua jakiteko. Lehen denbora neurgailuak egipziarrek sortu zituztela esaten da. Beraiek asmatu zituzten erabilera luzea izango zuen eguzki erlojua eta urarekin funtzionatzen “clepsidra” izeneko denbora neurgailua. Eguzki erlojua egunez eta ur erlojua gauez erabiltzen omen zituzten. Erdi Aroan berriz, printzipio mekanikoekin sortutako erlojuak agertu ziren eta honekin batera kanpandorretako lehen erlojuak.
Herriko erlojua elizako dorrean kokatzea zen ohikoena, gehien bat kanpaiak bertan zeudelako. Kontuan izan behar da, hasierako erlojuek ez zutela ordua adierazteko esferarik, kanpaihotsek ematen zuten horren berri. Luzaroan, kanpandorreko erlojua izan zen herriko erloju bakarra. Bizilagunentzat baliagarria zen elementua izaki, Udalarena izan zen erlojua egiteko erabakia; Udalak erosi zuen erlojua eta bere gain hartu egoki mantentzearen ardura.
Getariako artxiboko dokumentazioa kontsultatu ondoren, ezezaguna zaigu Salbatore Deuna elizako kanpandorreko erloju aitzindaria noizkoa den jakitea. Ezezaguna zaigu, baita ere, erloju horren egilea. Herriko erlojuari buruzko aipamen zaharrena 1844ko udal-akta batean jasotzen da. Erloju publikoa matxuratuta dagoela eta konpontzeko eskaera Arrasateko Sugasti erlojugileari luzatzea adosten da bertan. Erlojua berriro matxuratu zen 1903an eta oraingoan Agiñako (Usurbil) erlojugile zen Benito Yereguiri eskatu zitzaion erlojuaren baloraketa eta konponketa. Honek, erlojua konpontzeaz gain, momentuan erlojugintzan ematen ari ziren hobekuntzak kontuan hartuta, kanpandorrean esfera berriak jarri eta erlojua hauei egokitzeko moldatze-lanak egin zituen. 1907an erlojuaren makina babesten zuen kaxa jarri eta zenbait konponketa egin zitzaizkion berriz, baina oraingo honetan Benitoren semeak izan zuen lan honen ardura 240,50 pezeten truke. 1916an ere Yereguitarrak izan ziren matxuratutako erlojua konpontzeaz arduratu zirenak Yeregui y Compañía izenpean. Baina nor ziren Yereguitarrak?
Yereguitarrak Betelutik (Nafarroa) etorritako erlojugile familia garrantzitsua izan ziren. Jose Francisco Yeregui Zabaleta (1760-1834) izan zen erlojugintzan hasi zena eta erlojugintzari lotutako ondorengo belaunaldien aitzindaria. Nafarroan zenbait dorreko erloju egin zituzten eta ondoren familiako adar bat Agiñara (Usurbil) etorri zen bizitzera: Getariako erlojua konpondu zuten Benito Yereguik (1843-1912) eta bere anaia Serapiok. Erlojugile emankorra izan zen Benito. Gutxienez 80 erloju egin zituela esan digu bere birbiloba eta Yeregui Elkarteko kide den Xabier Alvarezek. Hau horrela, Gipuzkoako eliza ugarik dute beren kanpandorrean Yereguitarrek egindako erlojuren bat. XX. mendearen hasieran Benito Zumaiara lekualdatu zen bere familiarekin batera eta Benito Yeregui e hijos izenpean erlojugintzan jarraitu zuen. Ondoren, Calixtok (Benitoren seme zaharrenak) eta honen koinatu Angel Galardik Getariako erlojua konpondu zuten 1916an, eta Espainian motorgintzan aitzindari izan zen Yeregui y Compañía sortu zuten.
Oihana Artetxe
- Log in to post comments