Submitted by ereiten on

Image removed.Getariak izan duen industria garrantzitsuena arrain kontserba izan da. Herri arrantzalea izanik, arraina kontserbatzeko teknikak aspaldidanik ezagutu eta erabili izan dira. XVI. eta XVII. mendeetan arrain gaziketa eta eskabetxea ekoizten zuten lantegiak baziren jadanik.

Hasiera batean, teknika hauek, norberaren kontsumora zuzendutako arraina kontsarbatzeko erabiltzen ziren. Hauek, ordea, laster eman zuten salmentarako produktuak ekoizterako pausoa. Etxeetan ekoizten ziren produktuak izatetik, produkzio industrialerako saltoa eman zuten; batez ere XIX. mende amaierako teknologia berrikuntzei esker. Arrantza eta arrain kontserba Getariako diru iturri nagusiak izan dira luzaroan.

Arrain gazitua eta eskabetxea ekoizteko lantegiak etxe azpietan kokatu ziren Getarian. Herriko kaleetan ohikoa zen arrain gazituaren kontserba prozesua ikustea. Produktua herrigunean ekoiztu eta produktua herrigunean biltzen zen. Horrela izan zen 1919ra arte. Urte horretan, Probintziako Osasun-diputatuak arrain gazitua ekoizten zuten industriei produktua herrigunean gordetzea debekatu zien. Imaginatu dezakezue agindu honek herrian sortu zuen ustekabea, are eta gehiago arrain gazituaren produkzioa herriguneko etxe azpitan egiten zela kontutan izanik. Ziurrenik osasun kontuengatik hartutako neurri honek, arrain gazitua gordetzen zuten kupelei toki berri bat bilatu beharra ekarri zuen.

Artxiboan gordetzen den 1919ko uztailaren 6ko idatziak jasotzen duenez, arrain gazitua ekoizten zuten industriei kalte handiak ekarri zizkien erabaki bat izan zen hau. Getariak ez zuen horrelako produktuak biltegiratzeko behar adinako lursailik herrigunetik kanpo. Herriko aberastasun industrial bakarra gazitze-industria zela ikusirik, neurri honengatik kaltetutako enpresariei ahalik eta erraztasun handienak emateko prest agertu zen Udala. Ez hori bakarrik, beharrezkoa zuten biltegia egiteko lursaila lortzeko kudeaketaren ardura bere gain hartu zuen.

Rodriguez eta Balentziaga jaunak izendatu zituen arrantzale aterpetxearen alboan zegoen eta Estatuarena zen lursaila bereganatzeko. Udalaren asmoa, bertan arrain gazitu kupelak gordetzeko biltegia eraikitzea zen. Eskatutako lurrak, ordea, eskatzaile gehiago zituen eta horrek egoera luzatu zuela dirudi. Artxiboa kontsultatuz ez dugu biltegi hori egin zen edo ez jakiterik lortu. Hori bai, dirudienez, enpresari batek edo bestek beren biltegi propioa egitea erabaki zuten. Hori izan zen Miguel Alegriaren kasua, zeinek arropa garbitzeko herriko harraskaren ondoan arrain gazitu kupelak gordetzeko nabe bat eraikitzeko baimena eskatu zuen, agindu berriak sortutako beharrei aurre egiteko.

Oihana Artetxe