
Edozein
herriko jaietan bada ezinbesteko suertatzen den elementu bat. Bera
gabe festa ulertezina izango litzateke gehienentzat. Izaera oso
desberdineko ekintzetan ere protagonista nabaria dela esan daiteke.
Festak girotu, ospakizunak benetan ospakizun bihurtu, ekitaldiak
handitasunez jantzi... hori da herriko musika banda baten eginkizuna.
Getariako Udal Musika Banda osatzeko lehen urratsa 1911ean eman zen, Salbatore jaiak ospatu eta gutxira. Ordura arte, herriko jaiak ziren bakoitzean, ospakizun desberdinetan, harrera ofizial bat aurreikusten zenean edo antzerako ekintzak girotzeko, Getariako Udalak kanpora jo behar izaten zuen musika banda baten bila. Zenbaitetan Galiziako musika banda ibiltari bat kontratatzen zuen herriko jaiak doinuz janzteko, beste batzuetan inguruko herrietako musika banda arduratzen zen horretaz.
Aipaturiko urtean ordea, herria hazten ari zela ikusirik, musika banda osatzeko momentu aproposa izan zitekeela pentsatu zuten. Getariarren ustetan gainera, baziren elementu honen beharra aguerian uzten zuten bi ospakizun nagusi. Bata, herrian urtero ospatzen zen gurutzaldi-estropada; Erregea etortzen zen eta zegokion harrera egiteko musika banda baten beharra suertatzen zen. Bigarrena, abuztuan ospatzen diren Salbatore jaiak. Horrela, Udal Musika Banda sortzearen egokitasuna jarri zen udaletxeko mahai gainean eta, 1911ko abuztuaren 13an eginiko bileran, musika banda sortzeko beharrezko pausoak emateko erabakia hartu zen.
Getariako artxiboko dokumentuetan irakurri daiteke, nola hilabete bat nahikoa izan zen musika banda sortzeko beharrezkoak ziren gazteak biltzeko. Hauek, ordea, jendaurrean piezak jotzen hasi baino lehen, formakuntza baten beharrean aurkitzen ziren. Hau ikusirik, udalak Ignacio Echesortu izendatu zuen taldearen irakasle eta etorkizuneko herriko musika bandaren zuzendari. Udal Musika Banda osatzeko ezinbestekoak ziren instrumentuak erosteko dirua ere udaletxeak jarri zuen eta Donostiako Casa-Erviti izeneko denda ezagunean erosi ziren.
Urte amaierarako, gazteen eguneroko musika eskolek bere fruituak eman zituela dirudi, baina, antza denez, ez musika bandako zuzendariari soldata bat ordaintzeko hainakoak. Udalak herriko musika bandaren egoera egokia zela iritzi izan zion arte, hau da, 1912ko otsaila arte, Ignacio Echesortuk ez zuen musika bandako zuzendari gisa soldata bat izendatzerik lortu. Bera izan zen Getariako Musika Bandako lehen zuzendaria eta bere karguari eutsi zion 1920ko maiatzan udaletxeko idazkari izendatu zuten arte.
Oihana Artetxe
- Log in to post comments