Submitted by ereiten on

zArditurriko meatzeek ez dute aurkezpen handirik behar. Milaka urteetan zehar izan duten erabileraz gain, duela hainbat denbora abian jarritako interpretazio zentruak beraien ohiartzuna areagotu egin du. Toponimia arloan ere jarduera horrek arrastoak utzi du, eta horren adierazle dira “Gazteluko meatzea”, “Gazteluko meatze zuria”, “Matxin-meatze”, “Meatzegorrieta” edo “Meatzezuloeta” bezalako leku-izenak.

Dirudienez, erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal batzuetan interesaturik baitzeuden. Modu honetan, Erdi Aroan Aiako Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena eskuratu zuela ematen du, inguruetako ibai, lats, erreka edo errekastoean ezartzen joan ziren ur-olek ongi islatzen duten moduan. Horren lekuko, erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Araudi hau jaso zuten lehenengoak Irun eta Oiartzungo olagizonak izan ziren 1328an, nahiz eta denbora gutxian, handik hamar urtera hain zuzen ere, Gipuzkoako lurralde osora hedatu. Egia da burdin-mea gehiena inportatu egiten zela, baina ez dugu ahaztu behar bertakoa gertuen eta eskura zegoela; hortaz, horrek ere bere eragina izango zuen araudi hori jasotzerako garaian.

1.- Mineral ustiaketa, erregearen esku


Meatzeak erregalia ziren. Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat esparru eta baliabideren gainean berezko zituen edo berarenak bakarrik ziren pribilegioak aitortu zitzaizkion, meatzeak horiek artean. Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari jakin bat jasotzean zetzan, dirutan zein metaletan. Honek esan nahi du erregea zela esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.

Hau hala izanik ere, burdina lurretik ateratzearen inguruko mundua anitza zela esan daiteke. Erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, beraz, hamaika egoera eman ziren: batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo guztiek eskubidea zuten inguruetara hurbildu eta horiek ustiatzeko. Baina besteetan, denborak aurrera egin ahala, jabetasunak pribatutasunerantz jo zuen, eta pertsona ezberdinak ziren ondasun hori kudeatzen zutenak, lan-hitzarmenak sinatuz.

Meatzaritza munduak, harekin estuki lotutako burdinolekin gertatu bezala, legedi goiztiarra izan zuen. Nahiz eta korrejidorea mundu horri lotutako kontuak epaitu eta aztertzen zituena izan, hainbat lekutan meatzariek garrantzia handia eskuratu zuten. Arrasaten, adibidez, lanbideak berezko kofradia edo elkarte bat sortu zuen, eta meatzaritzari lotutako hainbat esparru oso goiz arautzen hasi ziren, 1434 urtea baino lehenago.

Esan bezala, monarka zen metal-gune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena, gerora Probintziak hori berretsi behar bazuen ere. Erdi Aro eta XVI. mendean zehar ez dirudi erregeek halako askorik eman zutenik, baina Oiartzungo udal aktek horren inguruko adibide bat ematen digute, 1706 urtekoa. Orduan Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen, Oiartzungo mendietan zeuden “berun, kobre, zilar eta urre” meak bilatu, aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak plangintza begi onez ikusi zuen eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Bertan, jarduera hori bideratzeko Justizek beharrezko zituen putzu eta zundaketa lanetan inolako trabarik jarri ez ziezaioten agintzen zion Bailarari. Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia ikerketa lanetan hasi zen berehala, jarduera hori Bailararen (eta Probintzia beraren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko asmoz: Agidanez, azaroaren 28an Oiartzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen inolako eragozpenik ikusi (A-1-13-1, 264 au.-264 at).

2.- Aiako Harriak, herri ezberdinetako meatzarien liskar leku

Meatzaritza Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamen edo berriak ez dira ugariak. Horietako hainbatek izaera negatiboa dute, erran nahi baita Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako auzoen arteko liskarrak emandakoak direla. Gunea herri ezberdinen arteko mugetan egonik, ohikoa zen batekoen eta bestekoen arteko eztabaidak sortzea, hala nola Irunen eta Bailarako meatze-gizonen artekoak. Halakoak 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira: 1679ko abuztuan, adibidez, udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko meatzetara joan eta bertan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso hartzeagatik (A-1-3-3, 102 at.-104 au.). Hainbat urte berandugo berriz, 1694an, Joanes Makutso oiartzuarrak Aiako Harrietan ustiatzen zuen meatzean jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea hartu eta Lesakako Erkazti burdinolako olagizonari saldu zioten. Kontuak ohiko salaketarako aitzakia emanik ere, uste baino garrantzia handiagoa zuen, txertatzen zen testuingurua zela eta. Ordurako Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko justiziek aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak burutzen ari ziren.

Image removed.


“…diferentes cargohauientes de la vnibersidad de Yrun, con comisio´n de la justicia de Fuenterrabía, ha llebado pressos a algunos menaqueros del Valle que trabajaban en sacar mena en dicho puesto [Aiako Harrian] y enbargádoles la bena que tenían echa, como por lo conseguiente la justicia del Valle ha hecho cautura de diferentes vecinos de Yrun, menaqueros, en el mismo puesto, y traídolos presos a la cárzel del juzgado de dicho Valle y enbargádoseles sus bienes” (A-1-8-2, 96 au.-96 at.)

Tentsio hauek direla eta, gaia Batzar Nagusietan eta errege-auzialdietan jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik burutu gabe egon beharko zutelarik eta meatzariek beraien jarduna normaltasunez jorratzeko aukera izango zutelarik. Justizen kasua ikusita, ordea, mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan; ez behintzat meatzeetan lan egiten zutenen artean.

3.- Meatzariak, Oiartzungo gizartearen parte

Kaletar, baserritar, ikazkin, olagizon, artzain, unai, behizain eta bestelakoekin batera, meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren, Modu honetan, udalbatzarentzat ia etengabeko buruhaustea zen bideen konponketan, antolatzen ziren auzolanetan parte hartzen zuten. Honen arabera, meatzariek Ergoien aldean bizi edo denbora dezente ematen zutela dirudi. 1691an adibidez, Olaizola-garrika, “Olaizes-egurregi” eta Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariei, Sangio edo Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu zitzaien; 1692, berriz, meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu barrutiko bideak lamatzera bidali ziren (A-1-7-1, 139 au.-140 au.; eta A-1-7-2, 169 au.-169 at.)

Behargin guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo handitu nahi zirenean. Meatzariei dagokienez, beraien lanabesak haitzak puskatzeko oso aproposak ziren, eta horren lekuko dugu 1701 urte hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara aritu behar zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mandatuaren arabera, auzoak aitzurrekin joango ziren; itzainak aldiz, idiekin; mandazainak, zelabereekin; eta azkenik, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta borrekin.


Image removed.


“acudan todos los menaqueros d’este dicho Valle al puesto y caminos de Sanguio con sus arpicos y palancas, para adrezar dicho camino y ronper vnas peñas…” (1691. urtea; A-1-7-1, 140 au.)

4.- Bertako mearen esportazioa, etengabeko arriskua

Burdinolen lehengai moduan Bizkaiko mineralak lehentasuna izan zuen, hainbat faktore direla eta: lortzeko erraztasun handiagoa, kalitate hobea eta Gipuzkoan bertan behar adina mineralik ez zegoela, besteak beste. On Manuel Lekuona zenak bere Oiartzuni buruzko monografiaren 80 orrialdean, mearen inportazioari buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz. Baina hori guztia hala izanik ere, horrek ez du esan nahi Gipuzkoan zegoen minerala erabiltzen ez zenik.

Probintziak etengabeko ardura izango du bertako meari babesa ematerako garaian eta, bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna ematerakoan. Hau dela eta, ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa debekatzen duten neurrien berri ematea. Are gehiago, liburuetan meatze munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.

Probintziak mea esportatzeko debekua plazaratu zuten 1664 aldera. Bailarako olagizon eta burdinola jabeentzat onuragarria zen neurria ordea, ez zen guztien gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten. Horren lekuko dugu gorago aipatu dugun Makutsoren kasua, baina Lesakako Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz hornitzeko. Honen aurrean debekua saihesten ahalegindu ziren eta segituan Bailarak Probintziara kexuak adierazi zituen, mea esportazio horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela. Bailarak argudiatzen zuenaren arabera, kanporanzko bidea baimentzekotan, bertakoek lehengai kopuru txikiagoa izango zuketen eta horrez gain, prezioek goranzko bideari ekingo zioten (A-1-1-2, 5. foliazioa, 19 au.-20 at. eta 32 au.-33 au.).

Probintziaren xedapenek epe laburrean eragina izan zutela ematen du, baina luzera mendeetako joera etetea zaila suertatu zen. Aurreko debekua eta hogeita hamar urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako kalte handia zekarrelako: “atento se rreconoce que las meneras se ban acauando y sino se pone esta prouidencia, en breue se acauarán las dichas meneras y se quedarían las herrerías sin materiales” (A-1-7-2, 10 au.-10 at.). Agindua berriz ere 1696an eman zen, betetzen ez zelaren seinale, baina egia da ondorengo urteetan gaiari lotutako informaziorik ez dugula.

5.- Izen eta protagonista batzuk

Olagizon, ikazkin eta mendietan, baso eta oihanen ilunetan, lan egiten zuten beste beharginen antzera, meatzarien bizitzaren nondik norakoen berri askorik ez dago. Datuak ateratzeko udal aktez haratago doan dokumentazioa kontsultatu beharko genuke, notario-protokoloak eta bereziki, auziak. Edonola ere, udalbatzak hartutako erabakien ondotik informazioa ez da guztiz antzua, eta datu bat izanez gero, haritik tiraka beste hainbat topatzeko aukerak egon daitezke.

Mea esportatzeko debekuei esker adibidez, meatzari horien izen batzuk plazaratzen zaizkigu. Arrazoia, logikoa da: udalbatzak hartutako erabakien jakinarazpenak akta-liburuetan erregistratzen ziren eta horietan pertsona jakin batzuen izenak jaso egiten ziren. Halako kasua 1664 urtekoa dugu, honako meatzariak aipatzen direlarik:

- Sebastian Arburu

- Juan Etx[…]

- Felipe Intxaurrandieta

- Juanes Isasa

- Martin Perez Pikabe

- Migel Pikabe

- Martin Perez Altamira

- Juan Olaziregi Arain, gaztea

- Juan Goronezbere (?), Juan G[…]agakoaren morroia

- Bonifazio Etxebeste

- Juanes Ibarburu Beroaltza

- Pedro Maia

- Pedro Isasti

- Juan Makutso Algorri

- Juanes Errekarte, Pedro Larrearen morroia

- Juanes Inda, Pedro Larrearen morroia

Gehienei buruz ez dugu daturik eta batzuetan beraien izen-abizenek informazioa jakitea zailtzen dute, garaiko homonimia dela eta. Adibidez, Juanes Ibarburu bat alkate dugu 1691 eta 1695ean, eta alkateorde 1681ean; halaber, Sebastian Arburu bat, 1664an “gazte” moduan aipatzen dena, 1677ko haragi hornitzailearen fidatzaileetako bat izan zela. Ezin ziurtatu, ordea, datuek meatzarien artean agertzen zaizkigun bi lagunekin lotuta dauden ala ez.

Batzuetan, berriz, informazioa agerikoa da. Juan Olaziregi Arain gaztea, adibidez, 1674an Iturriozko pisuzain izendatu zen. Pedro Larrearen morroi den Juanes Inda, berriz, 1701ean dugu. Orduan udalbatzak bere aldeko ordainketa agindu zuen, erregearen etorrera zela eta bideen konponketa-lanetan harpiko eta beste lanabesetan izandako kalteengatik. Baina adibide guzttietan adierazgarriena, zalantzarik gabe, Bonifazio Etxebesterena dugu. Bere kasuak meatzari eta olagizonen artean zegoen lotura estua islatzen du, Olaberria burdinolako errentari izan baitzen 1686-1688, 1695-1696, 1701 eta 1705 urteetan gutxienez. Horrez gain, hainbat mendi-sail enkantean lortu zituen eta 1704an udalbatzak mendi-ikuskatzaile moduan izendatua izan zuen. Lan mundutik kanpoko berriei dagokienez, 1689an kapare edo aitonseme moduan aitortu zitzaiola azpimarratu dezakegu.

Azkenik, datu azpimarragarri bat meatzarientzat morroi lanetan zihardutenen ingurukoa da. Aurreko zerrendan egoera horretan daudenak hainbat lagun dira. Ez da harritzekoa, garaiko gizartean guztiz errotutako kontua baitzen, beste hainbat ogibidek islatzen duten moduan. Baina informazio hori 1701 urtean bideak konpontzeko emandako mandatuarekin lotu dezakegu. Azken honetan datu deigarri bat aditzera ematen da: langileei, beraien ordez umerik bidali ez zezatela agintzen zitzaien (A-1-11-1, 25 au.). Agidanez, auzolanetan aritu behar zirenek beraien negozioari lehentasuna ematen zioten, komunitatearekin zuten konpromisoari baino; baita meatzarien kasuan ere.

Iago Irixoa