
1. Lanbide berezi baten nondik-norakoak
Historian zehar, eta gizartearen beharren arabera, lanbide mota ezberdinak sortzen joan dira, esparru ezberdinak hartuz. Prozesu orokor horren baitan, ogibide batzuk beren horretan diraute, hainbatek moldatu behar izan dute eta beste asko, desagertu egin dira edo desagertzeko zorian daude. Gaur egungo begietatik, antzinako gizarteetan murgiltzen garenean atentzioa ematen diguten hainbat topa daitezke, erakargarritasun, xarma edo berezitasun handiagoa baitute; hala nola borreroa, ehortzailea, zirujau-bizargina, albaitaria… Horien guztien artean bazen beste bat, kondaira edo aurreko mendeetako gizartearen sinismenekin estuki lotuta egon dena, eta XX. mende hasieran ordaindik bere jarduna mantentzen zuena: amorratzaile edo salutadorea, hain zuzen ere.
Amorrua oso hedatua zegoen gaixotasuna zen, bereziki landa eremuan. Bere eragin handiak eta aurre egiteko tresna mugatuek, gaitzaren inguruan hamaika sinismenen sorrera ekarri zuten. Amorratzaileak gaixotasun horren sendaketaren baitan sortu ziren, nahiz eta bestelako gaitzak ere jomugan izan zituzten. Lan egiteko prozedura misteriotsua zen, benetan: beraien arnasa, hatsa edota listua erabiliz sendatzen zuten, baita pixa ere, eta hori egiten zuten bitartean otoitzak eta konjuruak burutzen zituzten. Izaera bitxia hortik haratago zihoan: gizartean barneratua zegoen sinismen arabera, halako jardunean aritzen zirenak bikote bereko zazpigarren semea edo alaba ziren, beti ere tartean kontrako sexuko umerik jaio gabe; ohikoena gizonezkoen baitan garatutako lanbidea bazen ere, ezagun da emakumeak zeregin horretan aritu zirela. Horrez gain, Gabon Gauean edo Ostiral Santuan jaiotakoek ere amorratzaile-dohaiak garatzeko joera omen zuten. Hori guztia gutxi balitz, gorputzean, eta beraien patuaren adierazgarri, markak garatzen zituzten; ezagunenak mingainpean, ahosabaian, hanketan, bularrean edo esku-azpian gurutze-seinaleak ziren, ezbairik gabe. Modu honetan, halako ezaugarri guztiak edo horietako hainbat izatea, pertsona horri dohai misteriotsuak ematen zizkion, amorratzaile lanak egiteko funtsezkoak zirenak.
Horiek alde batera utzita, salutadoreak gizarteak zuen eskari bati emandako erantzuna izan zirela aitortu behar dugu; bereziki, esan dugunez, amorruari aurre egiteko garaian. Zeregin horietan oso ohikoa zen gaixotasuna pairatzen zuten udalerrietatik kanpoko pertsonak ekartzea. XVII. mendeko Hernanin, adibidez, Alegi eta Gabiriako auzoak aritu ziren amorratzaile lanetan, batzuetan 10 urterako kontratuak eginez; Antzuolan salutadore lanetan Ezkio, Ormaiztegiko eta Oñatiko auzoak arituko dira; Errezilen, berriz, Albizturko auzo zen Martin Aranburukoarekin 6 urterako kontratua adostu zen 1742 urtean. Ikus daitekeenez, hamaika lekutatik zetozen, baina badirudi Ezkio-Gabiria-Ormaiztegi alde horrek (eta Albizturrek) amorratzaileen gune kuttuna osatzen zuela, baita Oiartzunen ere.
2. Frantzisko Altube, Oiartzungo amorratzailea (1696-1707)
Bailarako udal aktei erreparatuta, XVII. mende amaiera arte ez dugu sendagile misteriotsu horien arrastorik, 1696. urtera arte hain zuzen ere. Ordutik eta hamarkada luze batez, Gabiria-Ormaiztegi aldeko auzo bat ibili zen lan horretan: Frantzisko Altube edo Anduaga izenekoa (bi abizenak agertzen dira, lehenengoa ugariena delarik). Berari buruz datu gutxi eskuratu ditugu, eta ez dira oso argiak. Ezkioko bataio-agirietan, Frantzisko Altube Mendia agertzen zaigu 1654ko maiatzaren 25ean. Bere bi abizenak aintzat hartuta, hiru anai-arrebetan nagusiena izan zela ematen du. Ondorioz, amorratzaileen inguruko kondariak ezarritako hainbat baldintza betetzen ez zituen pertsona baten aurrean gaudela ematen du, ez datari dagokionez, ez zazpi anai-arreben inguruko konturari dagokionez. Badirudi 1674ko uztailean Ormaiztegira ezkondu zela, bertan izen bereko baten eta Angela Agirrezabalen arteko lotura dokumentatua baitugu. Herri horretan bertan zendu zen, 1711n, otsailak 25 zituela (2).
Oiartzunen izan zuen jarduerari dagokionez, 1696ko otsaila inguruan aritu zen. Lehen datua hil horren 19koa da eta horren arabera, Maria Angela Urbietarenean zortzi egunez apopilo hartuta egon zen, egonaldiaren gastuak udalbatzaren gain gelditu zirelarik (A-1-9-1, 41 au.).
Altube ez zen hamar urte luze horietan era finko batean jardun; aitzitik, iduri du bere zerbitzuak aldizkakoak izan zirela. Kontsultatutako aktek behintzat, ez dute berarekin sinatutako hitzarmen, kontratu edo akordioei buruzko daturik ematen, eta badirudi garaian garaiko beharren arabera dei egin zitzaiola. Honela, lehenengo aztarnak izan eta hamarkada luze bat arte ez dugu gurean ikusiko. Urtea 1707 zen eta gaixotasuna uste baino hedatuagoa zegoen. Hasiera batean, amorratzailea martxoa erdialdera iritsi eta egun gutxi batzuk egin zituen. Handik 3 astera, ordea, berriz deitzeko erabakia hartu zen. Arrazoia apirilaren 9an Jeronimo Unseinek udalbatzaren aurrean agertu zuen: salutadoreak bere lana amaitu eta Oiartzun utzi ondoren, zakur amorratu batek Jeronimoren eta beste hainbaten abelburuei kosk egin zien (A-1-13-2, 58 au.-at.).
Amorratzailea Oiartzunen egon zelaren lehenengo datua: Maria Angela Urbietarenean apopilo egon zenekoa (1696ko otsaila)
3. Salutadorean jarduna gurean
Bailararen hedadura aintzat hartuta, amorratzailearen lanak errazte aldera eta funtsezkoak ez ziren gastuak saihesteko asmoz, barruti bakoitzean elkartze-puntu jakin bat adostu zen, bertan auzo ezberdinen azienda bildu eta hauen ikuskatze lana egiteko: “se les encarga alos vecinos que tengan promptos y recojidos a un paraje los ganados (…) de forma que (…) tengan los vecinos este alivio y se eviten los gastos supérfluos” (A-1-13-2, 61 au.-62 au.).
Esan bezala, XVIII. mendera arte ez dirudi Oiartzunen salutadorearekin inolako hitzarmen formalik egin zenik eta agian, horregatik, baldintzen artean ez zegoen soldata edo eskupeko zehatzik finkatu. Gurean, udalbatzak lismona bat antolatzen zuen baserri eta etxeen artean, eta auzo bakoitzean jardungo ziren biltzaileak izendatzen zituen. Ohikoena dirutan ordaintzea zen, baina gutxi batzuek artotan ere egin zuten. Modu berean, normalean familia bakoitzari erreal bateko lismona ezarri zitzaion, baina batzuetan guztiek ez zuten diru-kopuru bera ordaindu: 1696ko otsaileko etxeen zerrendak ikusita, gehienek erreal bat eman zuten, baina bazeuden 0’5, 2, 2’5 edo 3 eman zituztenak ere, Berueta eta Markola etxeak kasu (A-1-9-1, 20bis au.-20bis at.). Hamaika urte beranduago, aldiz, egoera bestelakoa zen. Espainiako Ondorengotza Gerra medio, Bailararen baldintza ekonomikoek okerrerantz egin zuen eta etxe bakoitzari erreal bateko limosna emateko agindua eman bazen ere, udalbatzak gastuak bere gain hartzen amaitu zuen, auzoengandik kobratzeko zailtasunak agerikoak baitziren (A-1-13-2, 166 au.-at.).
Salutadorearentzako limosna ordaindu zutenen etxeen zerrenda (1696)
Idatziek ez digute jardunaren inguruko aztarnarik ematen; ez da gaixotasunerako zernolako botikak, sendagaiak edo prozedurak erabilerari buruzko aipamenik egiten. Dena den, akta liburuek oso datu adierazgarri bat ematen digute; 1707ko apirilaren 16ko batzarrean, Frantzisko Altube amorratzaile moduan aipatzen zen, baina ez edozein, Inkisizio Santuak onartutakoa baitzen:
“…de Francisco de Altuue, vecino de la villa de Ormaiztegui, saludador aprouado por la Santa Ynquisición, que vino a este Valle para remedio…” (A-1-13-2, 60 au.).
Ogibideak biltzen zituen hamaika zurrumurru eta kondairaren aurrean eta amorratzaileek gizartean guztiz txertatuta zeudela ikusita, erakunde, ofizialtasun edo garaiko ortodoxiak nolabait beraien jardunari oniritzia eman zion. XVI. mendetik aurrera beraien jardunak ezagutu zuen gorakadarekin batera, amorratzailearen inguruan eztabaida sakon bat ematen hasi zen, beraien jarduna egokia zen ala ez erabakitze aldera: salutadoreak zer ezaugarri zituen eta bere lanaren natura (jankotiarra edo deabruzkoa) zalantzan zegoen, baita teologoen artean ere. Hau dela eta, Elizak nolabaiteko eskuhartzea egin zuen, amorratzaileen ezaugarri eta jarduna aztertuz (3).
Horrez gain, Probintziak berak XVIII. mende erdialdetik salutadoreak jo-puntuan izan zituen eta haien aurkako hainbat xedapen eman zituen. Orain arte hustutako aktekin Oiartzunen honek guztiak zer eragin izan zuen ezin dugu jakin, baina ziur gaude artxiboko funtsetan informazio gehiago topatzeko aukera dagoela.
Iago Irixoa
Oharrak
(1) Ikus AGUIRRE SORONDO, A.: “Los saludadores”. In: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 56 (1990), 307-319 orr.; Antzuolarako http://irinmodo.blogspot.com.es/2015/12/salutadorea-antzuolan.html. Errezilgo kasurako: Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (AHPG-GPAH) 2/2413, 182 au.-183 au. Salutadoreen ikuspegi negatibo baterako, GOROSABEL, P.: Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa, vol. 1., Tolosa: E. López, 1899, 360-362 orr. (II. Liburua, II. Kapitulua, III. Atala; http://www.ingeba.org/klasikoa/noticia/marnotie.htm helbidean kontsultagarri).
(2) Datu hauetarako, ikus http://mendezmende.org/eu.
(3) ALAMILLOS ÁLVAREZ, R.: Hechicería y brujería en Andalucía en la Edad Moderna. Discursos y prácticas en torno a la superstición en el siglo XVII. Córdoba 2015 (http://helvia.uco.es/xmlui/handle/10396/12669)
- Log in to post comments