Submitted by ereiten on

Image removed.Uda garaian hondartzara joateko ohitura dugu. Eguzki izpi beroek gure azal eta muskuluak epel ditzaten edota berotik ihes itsasoko uretan preskatzeko desioz gerturatzen gara kostaldera. Itzurun hondartza ikusgarria, Santiagoko hareatza zabala eta Algorri harralde lasaia; Zumaiak aukera paregabeak eskaintzen ditu itsasertzaz gozatzeko.

Hondartzara eguzkia hartzera eta bainatzera joate hau, ordea, usadio nahiko berria da. Gure kostaldean XIX. mendearen erdi aldean hasi zen orokortzen, itsasoko urak zituen onura osasungarriak ezagutzera ematean. Honekin batera kostaldeko herriak gune turistiko bilakatu ziren eta bisitari berrien beharrei erantzuteko asmoz azpiegitura turistikoak garatzen hasi ziren.

Zumaiaren kasuan turismo mota hau ez zen XX. mendearen hasiera arte garatu. Hondartza desberdinak egon arren, itsas-bainuetan Itzurun hondartza izan zen protagonista nagusia. Udal artxiboko dokumentazioan agertzen denez, 1900 eta 1925 bitartean eremu horretako itsasbazterra egokitzeko zenbait lan burutu ziren. Alde batetik, Itzurunera gerturatzeko bidea egin zen bisitariei bertaratzea errazteko asmoz. Bestalde, zerbitzu desberdinak sortu ziren.

Hondartza honetan eskaintzen zen zerbitzurik zaharrena “Bainu Beroak” izenekoa zen. Itzurun hondartzarako bidea egin baino lehenagoko zerbitzua izan zen hau. Bidasorotarrak ziren Itzurungo hondartzaren gainean kokatzen zen bainu-etxe antzeko hau kudeatzen zutenak. Itsasoko ura berotzeko erabiltzen zen labe bat eta bainuak hartzeko gunea zituen eraikuntza bat zen. 1900 urte inguruan, bidea egokitzeko lanekin hasi zirenean, zerbitzu hau eskaintzeko beharrezkoa zen azpiegitura puzkatu zuten. Egoera honen aurrean eta bere ogibidearekin jarraitzeko asmoz, Bidasoro familiak Udalari berriro azpiegitura horiek eraikitzeko eskaera luzatu zion. “Bainu Beroak” berriro jarri ziren martxan, baina hauen kudeaketan arazoren bat edo beste egon zela ematen du. 1925eko dokumentuetan Joaquin Bidasoro Gurruchagak, bere burua “bañero” bezela aurkezten duenak, “Bainu Beroen” eraikina berea dela baina hau kokatuta dagoen lurra udalarena dela eta, Udalari lur zati hori erosteko eskaintza luzatu zion. Udalak ordea ezezkoa eman zion erosketa proposamenari, baina 5 urterako lur sail horren erabilera beraiei izendatzea lortu zuen familiak. Gainera, 5 urte horiek bukatu eta zerbitzua enkantera ateratzean beraiek lehentasuna izatea adostu zen.

“Bainu Beroak” kudeatzeaz gain, Bidasoro familia Itzurun hondartzako gainontzeko zerbitzuak kudeatzeaz ere arduratu zen.


Oihana Artetxe

*Irudia: Zumaiako Fototeka