Submitted by ereiten on

Image removed.Nork ez ditu orduak eman itsasora begira? Kostaldean bizi direnek sarritan egiten duten zerbait dela esan daiteke. Ziur behin baino gehiagotan beren begiak itsasaldera bideratu dituztela konturatu gabe eta zerumuga denbora batez aztertu eta gero harrapatu dutela beren burua itsasora begira. Naturaltasun osoz egiten den eta egunerokotasunaren parte den zerbait bezela.

Kostaldean zehar itsasoa miresteko toki ugari aurki ditzakegu, baina talaiak horretarako gune bereziak dira. Euskal kostaldea zipriztintzen duten talaia eta seinero postuek itsasoan gertatzen zenaren komunikaziorako azpiegitura paregabea osatzen zuten. Itsasoan, kostaldean, portuetan eta itsasadarretan gertatzen zen guztiaren informazioa lortzeko kokagune estrategikoak ziren. Bertako talaiariak igortzen zuen informazioari esker zen posible portuetako eta itsas bokaletako nabigazioa, baita eguraldi aldaketen aurreikuspena, itsasoko trafikoaren ezagutza eta arrain multzoak antzematea ere.

Getaria ere komunikazio sare horren barruan zegoen, baina ez hori bakarrik, komunikazio sare horretan kokagune pribilegiatua zuen. Getariako talaia sistema bi gune desberdinek osatzen zuten: San Anton mendiko eta Malkorbe badiako talaiek, azken hau Lasuntalaia izenez ezaguna. Bietan garrantzitsuena San Anton mendiaren muturrean kokatzen den talaia zen. Bertatik Matxitxako eta Higer lurmuturren arteko portu guztien bokaleak dira ikusgai. Ikuspen pribilegiatu honi esker getariarrek informazio baliotsu ugari izan dute beti esku artean; kostaldearen zati horretan gertatzen zen guztiaren jakitun bihurtzen zituen. Horrek, beste portuekiko, abantaila handia suposatzen zuen.

Bestalde, Lasuntalaiak ikuspen txikiagoa eskaintzen zuen. Hori kontutan izanik, Malkorbe badian burutzen zen arrantzarekin lotura zuzena izan duela pentsa daiteke. Are eta gehiago, Behe Erdi Aroaz geroztik Getariako Udalbatzak badian arrantzan egiteko eskubidea enkante publikoan ateratzen zuela kontutan izanik. Beraz, talaia honek badian sartzen ziren arrainen berri emateko balioko zuen ziurrenik.

Tradizio handiko elementuak izaki, XX. mendean ere garrantzia izaten jarraitzen zutela ikus daiteke artxiboko dokumentuetan. Besteak beste, 1916. urtean San Anton mendiko talaia berria eraikitzeko egitasmoaren berri ematen duten agiriak topa daitezke. Baita 1966. urtean Lasuntalaiarako bidea hobetzeko lanak burutu zirela ere. Dirudienez, urte horretan talaiarako bidea oso egoera txarrean aurkitzen zen luizien ondorioz.

Getariarrek hori ikusita, bidea konpontzeko erabakia hartu zuten eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingeniaria zen Jose Maria Gabarain jauna izendatu zuten lan horien arduradun. Agirian jartzen duenez gainera, lan hauek Lasuntalaiarako ibilbide berri bat sortu zuten.

Talaia hauek ezinbestekoak izan dira Getariaren historian. Nabarmena da, bai San Antongo talaia, bai Lasuntalaia informazio iturri garrantzitsu izan direla. Eta, gaur bezala, orduan ere informazioa botere zen. Horretaz jakitun, talaiak eta horietara iristeko bideak zaintzeko ardura erakutsi dute beti getariarrek.


Oihana Artetxe