
Inplosioa
Gezurra badirudi ere, bost urte pasa dira Moore-ren lan nagusia iruzkindu genuenetik.
Horregatik, Traficantes de sueños argitaletxeak La Gran implosión: clase, imperio y crisis climática en el capitalismo zombi argitara eman behar zuela jakin bezain pronto ziztu bizian atera ginen bila. Aitortu beharrean gaude, halere, azalean Potosí ikustean, Moorek bere analisia kasu zehatz horretara ekarri zuela uste genuen. Horrek, liburu-dendara ahalik eta azkarren joaten bultzatu gintuen, aspaldiko gaia izan genuen hori, euskaldunen eta gaztelarren arteko gatazka medio. Euskaldunak kapitalismoan berehala murgildu eta gaztelarren feudalismoa zapaztu zuteneko gatazkaz ari gara.
Azala esanguratsua eta oso egokia izanik ere, La gran implosion honek Mooreren artikulu sorta barne biltzen du. Azken bost urteotan argitaratu artikulu hautatuak, nolabait.
Esan bezala, ziztu-bizian eskuratu eta liburua amaitu aurretik ere lehen artikulua ziztu-bizian aldarrikatu nahi.
Bizitzaren amarruak sortu kalapita medio, Moorek bere burua era guztietarako argibide, azalpen eta zuriketak ematen behartuta ikusi zuen. Hereje gisa hartuta, Thompson-en ala Löwy-ren bidea hartu eta materialismo nahiz marxismoa erlijio monoteistatzat jotzen duen jarrerari aurre egiten dio lehen artikulu horretan: “How to read Capitalism in the web of life: towards a world-historical materialism in the web of life” jatorrian, “¿Cómo leer el capitalismo den la trama de la vida?: hacia un materialismo histórico mundian en la trama de la vida”. Alegia, irakurketa monoteista, erreakzioanarioa eta, batez ere, errealitatea aztertzen ez duena ez da soilik gure ingurunean ematen, nazioarteko joeera antimarxista da, marxismoaren izenean. Kasu honetan, baina, jarrera akademizistei lotuta, bai eta estatu batuar ekosozialismo elitistari ere.
Harriduraz eta saminez, baina maisuki, bere lanaren nondik norakoak modu trinkoan eta argigarrian azaltzen ditu berriz ere, bizitzaren amarruaren laburpen itzela eta argia eginez. Ohiko erreferenteekin batera, Marx eta Wallerstein-ekin batez ere, Fanon edo Davis-en oihartzunak entzuten dira testuan. Alabaina, Federici da Moorek hartzen duen parapetorik sendoena.
Beraz, marxismoaren analisi-sistema eguneraketarekin batera, eta horren ondorioz, Moorek Historia klase magistrala eskaintzen du artikulu horretan. Historia garaikidea deitzen duguna irakasteko ardatz gisa erabiltzeko modukoa. Gizakia – Izakia, Zibilizazioa – Basatiak… plusbalioa ez ezik, lehengaiak zein umanidadearen zatirik handiena natura bihurtzeko eta merke ustiatzeko proiektua bikain azaltzen du Moorek. Are, plusbalioa lortzeko saiakera ekintza sozioekologikoa da ere bai. Lanaren antolatzeak ingurune aldatzea dakar beti. Hori etengabe antolatzean datza bizitza, hein handi batean. Ingurunea eta Gizakia ez zeuden banatuta, ez behintzat mundu mailako sistema kapitalistan bezala. Baina, Amerika kolonizatuez geroztik, eraldaketaren gidaritzak eta tamainak egungo egoerara ekarri gaitu, ekoizpen kapitalistak egoera fisikoak, klimatikoak sortzen ditu, kontrolaezinak diren egoerak.
Hor heresia! subjektu sozial iraultzaile berriak identifikatzen ditu Moorek, mundu mailakoak, gainera. Klase ez ezik, sexua eta arrazari lotuak, esan dezagun. Beraz, aipatutakoekin ez ezik, Mezzadra eta Neumann-ekin ere elkartzen da bidean. Baiki, 2025ean hau esatea monoteismoaren aurkako anatema!
Historia deitzen duguna ulertzeko eta berriz aztertu eta kontatzeko alimalezko bidea irekitzen du honek. Susmoa dugu, gainera, Frantzian hasi direla jada, aurten, besteak beste, jada J.B. Fresnoz-en lanak ez ezik, La Terre perdue eta Une historie environnementale de la France argitaratu dira eta, Tallandier eta La decouverte argitaletxeetan, urrenez urren. Hauek kapitalozenoa deritzan kontzeptua erabiltzen ez dutela uste dugun arren (oraindik ez ditugu lan horiek eskuratu, azkarrak gara baina ez horrenbeste), kapitala-Estatuaren sortu eraldaketak biosfera bera eraldatu duela eta hori fenomeno historiko zehatza dela agerian utziko duelakoan gaude. Bizitza ulertzeko modu zehatzak sortu fenomenoak: dena ahalik eta merkeen merkantilizatu daitekeela defendatzen duen bizimodua baino, heriomodua.