Submitted by ereiten on

Image removed.Argazkiak, dokumentuak, liburuak, CDak, diska gogorrak, web orriak eta abar, guztiek datuak gorde eta eskaintzen dituzte. Momentu berezi baten isla, eraikin baten planoa, udaletxeko aktak, frentean borrokatu zuen gudari batek bere maitaleari bidalitako eskutitza, Erdi Aroko eskuizkribuak, unibertsitateko notak, partitura bat, talde baten diskoa… lehenagokoak edo geroagokoak, formatu batean edo bestean, baina guztiak informazio iturri.

Ikuspegi historiko batetik begiratzen badugu iragana argitzen eta berreraikitzen laguntzen duen informazioa jaso dezakete. Egunerokotasunera ekartzen badugu, berriz, egiten ditugun gestioetan lagungarri edo gure oroimenen gordailu izan daitezke. Guztiak informazio iturri, guztiak zergati batengatik gordeak eta guztiak baliotsuak… ongi daki hori sute edo uholde batean guztia galdu duenak, edota ordenagailua bapatean izorratu eta disko gogorrean gordea zuena errekuperatu ezin izan duenak. Orduan konturatzen gara zein garrantzitsua den interesatzen zaizkigun kontuak ondo eta modu egokian gordetzea, artxibatzea… Izan ere, guztia galdu duena hutsetik hastera behartuta aurkitzen da.

Eta galdutako informazioa herri batek bere historian zehar gordetako dokumentuak balira? Zer egin galtzen dena herriaren informazioa eta memoria denean?

Lehen Karlistaldiaren ondorioz, Getariak galdera horiei erantzuna eman beharrean aurkitu zen. Herria guztiz suntsituta geratu zen eta horrekin batera herriko artxiboa erre zen. Bertan gordetzen zen informazio historikoa galtzeaz gain, udalaren eta herriaren kudeaketarako beharrezkoa zen informazioa galdu zen. Izan ere, artxibo batek dokumentazio historikoa baino gehiago gordetzen du.

Getaria artxiborik gabe aurkitu zen. 1838ko azaroaren 23an ospatutako udalbatzak argi islatzen du galera honek sortutako egoera. Udal karguak etsita, zer egin eta zer pauso eman ez dakitela. Herriaren iragana guztiz ilunduta eta orainari itsu-itsuan aurre egin beharrean. Artxiboko dokumentuak, kontu liburuak, hipoteka liburuak… denak suak irentsiak. Ardura gehien bizilagunen ondasunen gaineko dokumentazioarengatik erakusten da “cuya falta, irremediable, no podía menos de hacer sentir sus funestas consecuencias a la riqueza territorial y vecinos propietarios, cuyos bienes radican en esta jurisdicción”.

Getariarrak berriro hutsetik hasi behar izan zuten. Herriaren kudeaketa egokirako dokumentuen garrantziaz ohartuta bizkor jarri ziren lanean. “Que semejante estado de orfandad exige que se establezca una base sobre la que se funde una regla que aunque no remedie el mal ya consumado, evite o minore a lo menos sus efectos.” Lehenik udal akten liburua hasi ziren osatzen (liburu horrek eman digu orrialde hau idazteko informazioa) eta ondoren hipoteka liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin. Hemen hasi zen osatzen berriro Udal Artxiboa. Gaur bertan gordetzen den informazioa ondorengo mendeetan egindako lanaren isla da. Getariak bere memoriaren zati bat berreskuratzeko aukera du 1838tik aurrera sortu, gorde eta artxibatutako dokumentuei esker.

Oihana Artetxe