Submitted by ereiten on

Image removed.1931ko apirilaren 14ean II. Errepublika aldarrikatu zen Espainian. Apirilaren 12an egindako hauteskundetan eskatutako aldaketa politikoa izan zen hura; Alfontso XIII. boteretik kendu eta monarkiarik gabeko gobernu baten hasiera ekarri zuena. Baina nola bizi izan zen aldaketa hau Getarian? Zer gertatu zen herrian hauteskunde horietan?

Gobernu aldaketa ekarri zuten hauteskundeak apirilaren 12an izan ziren arren, hilabete horretako 18. egunean aurreko udalbatzak jarraitzen zuen Getarian. Udal-akta liburutan irakur daitekeenez, udalbatza berria osatzeko arazoak izan zituzten. Udal gobernu berria osatu behar zuten zinegotziak hautatzeko garaian, bi hautetsien arteko boto berdinketa gertatu zen; Isidoro Txueka eta Primitivo Urbietaren artean hain zuzen ere.

Apirilaren 18an, Gobernadore Zibilaren agindua jaso ondoren, aurreko udalbatzako kideak eta hauteskundetan hautatutako zinegotzi berriak, udalbatza berria osatzeko bildu ziren. Lehenengo zeregina, ordea, Isidoro eta Primitivoren arteko boto berdinketa konpontzea izan zen. Tartean inolako interes pertsonalik egon ez zedin, zozketa bidez apurtu zuten berdinketa. Danbor batean 1 eta 2 zenbakia zuten bolatxo bana sartu zituzten eta beste danbor batean bi hautagaien izena zeramaten beste bolatxo bana. 1 zenbakia zuen bolatxoarekin batera ateratzen zen izena behin betiko zinegotzi bilakatuko zen. Egun hartan, 1 zenbakia Primitivori egokitu zitzaion.

Boto berdinketa atzean utzita, aurreko udalbatza osatzen zuten zinegotziek aretoa utzi eta zinegotzi berrien kargu-hartzea egin zen. Alkatea, lehen eta bigarren alkateordeak eta sindikoa hautatzeko bozketa egin ondoren, horrela geratu zen Getariako udalbatza errepublikanoa:

  • Alkatea: Antonio Alegria Lasa

  • Lehen alkateordea: Fructuoso Arregi Leizaola

  • Bigarren alkateordea: Cecilio Idiakez Indo

  • Sindikoa: Sebastian Iribar Ulazia

  • 1. Zinegotzia: Genaro Basterretxea Santa Maria

  • 2. Zinegotzia: Jose Isasti Azpeitia

  • 3. Zinegotzia: Julian Ulazia Unanue

  • 4. Zinegotzia: Julian Larrañaga Aranburu

  • 5. Zinegotzia: Primitivo Urbieta Embil

Errepublikaren aldarriarekin batera, Autonomia Estatutuaren aldeko mugimenduak hasiak ziren Euskal Herrian. Mugimendu horiekin bat egin nahian, Getariako alkate berriak, II. Errepublikako behin behineko gobernuari Euskal Errepublika konfederatua onartzeko eskaera egitea proposatu zuen. Gainontzeko batzarkideen oniritzia bilatzen zuen proposamena izan zen, baina Espainiako Errepublika babesteko unea zela iritzi zuen udalbatza berriaren gehiengoak momentu hartan.


Oihana Artetxe