Submitted by ereiten on

Image removed.Aurten 100 urte betetzen dira Ignacio Zuloaga margolari eibartarrak Santiago etxea eraiki zuela. Estilo erregionalista duen etxearen diseinua Pedro Guimón arkitekto ondarrutarrarena da. Hau XX. mendearen lehen erdiko arkitekto esanguratsua izan zen eta Bizkaia eta Gipuzkoan etxe partikular eta txalet ugari egin zituen. Begoñako batzokia, Artxandako kasinoa, Ondarroako Marinelen Kofradia eta Bilboko Bankuaren eraikin nagusia ere bere obren artean daude.

Gaur egun Santiagon ikusgarri dagoen monumentu multzoaren lanak 1910 eta 1920 artean egin ziren. Denbora tarte horretan, Santiago etxea eraikitzeaz gain, bertan zegoen baseliza konpondu zen eta Ignacio Zuloagaren lantokietako bat izango zena eraiki zen, besteak beste. Finka hau sortzeko lehen urratsa 1910. urtean eman zen, margolariak Zumaiako udalari Santiago hareatzako lursailak erosi zizkionean. Baina zer zegoen hareatz horretan Zuloagak monumentu multzoa sortu baino lehen?

1416ko maiatzaren 2ko dokumentu batean Santiago hareatzari buruzko aipamen zuzena egiten da. Getaria eta Zumaiaren arteko gogaidetasun eta transakzio eskritura bat da eta bertan, inguru honetan bi udalerriek dituzten mugak eta eskumenak agertzen dira. Idatzian, Santiago hareatzan, izen bereko baseliza eta etxe bat zeudela agertzen da. Gainera, azpimarragarria da, eskumen banaketa honetan Santiagoko baseliza Zumaiako udalbatzak eta bizilagunek eraikia izan zela aipatzen dela eta beraz, Zumaiarren esku geratzen zela; baita baselizaren alboan zegoen etxetxoa ere. Inguruan hazten diren iratze eta lanadereak moztea eta ustiatzea ere zumaiarren esku geratzen zen, baina bertan eraiki edota landatzea debekatua zegoen bi udalbatzen baimenik gabe.

Zumaiako udal artxiboak, Santiago hareatzan zeuden eraikinen inguruko datu gehiago eskaintzen dizkigu gainera; batez ere hauen erabilpenaren ingurukoak. Horrela, badakigu baselizaren alboan zegoen eraikinak seroraren etxe eta bidaiarientzako ostatu moduan funtzionatzen zuela. Gainera, 1577 eta 1581 urteko agiriek, hareatzan bertan kokatzen zen ontziolan lanean jarduten zutenek ere, noizean behin, erabiltzen zutela adierazten dute.

Dirudienez, Santiagoko baseliza 1722an erre zen sute baten eraginez. Berreraikia izan zen arren, 1771 urtean ateak itxi zituen. Udalarentzat gastu bat besterik ez omen zen eta aurrerantzean jabetza hauek errentan ematen hasi zen.


Oihana Artetxe