Submitted by ereiten on

Image removed.Duela hiru aste ireki zen Untzi Museoko aldibaterako erakusketa berria, Gipuzkoako itsasaldea artean deiturikoa. Bertan Gipuzkoako itsasaldeko paisaiaren eta portuen irudikapen grafiko eta piktorikoen bilduma zabala dago ikusgai, XVI. Mendeko irudietatik hasita gaur egungo adierazpenetaraino. Honetarako, Untzi Museoak 20 urtetan zehar egin duen ondare berreskurapena azaleratu egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste erakunde ezberdinen obrekin batera. Aurrez publikoan inoiz erakutsi gabeko bilduma partikularretako lan kopuru eder batek borobiltzen du erakusketa.

Jarraian, erakusketak eskaintzen diguna lau puntutan laburbildurik:

Lehen eta orain. Txikitako argazki albumak begiratzera jartzen garenean bezala, erakusketa honi esker Gipuzkoako kostaldearen bilakaera ikusi eta jarraitu ahal dezakegu Hondarribiatik hasi eta Mutrikuraino, herriz herri, eremu geografiko honetan denboraren igaroa hautemanez.

Kostaldeko bizimoduan murgiltzea. Aipatutako bilakaera hori ez da paisaia fisikora mugatzen. Erakusketa honetarako hautatu eta bildu diren lanetariko asko ikuspegi antropologiko eta etnografikotik begiratu ditzakegu. Alegia, paisaia humanoa, geografia honetan bizi izan diren pertsonak nola bizi izan ziren: euren ohitura eta ofizioak, azken batean, itsasoarekiko zuten lotura.

(Gipuzkoako) artearen historian zeharreko bidaia. Gipuzkoaren kostaldearen lekukotza historikoa ikusiko dugu bertan. Lekukotza historiko-artistikoa, arte plastikoen dimentsio figuratiboen bidez emana eta, baita, arteak berak izan duen garapena ere, formei, estiloei eta espresibitateari dagokionean ere.

Teknika aniztasuna. Azkenik, bi solairuetan dauden irudikapen grafiko eta piktorikoak ezberdinak dira, erabilitako inprimatze eta pintura teknikei dagokionez, prozedura grafikoetan interesa dutenen gozagarri: grabatuak, litografiak, tinta txinatarra, olio pinturak, urkoloreak, guaxeak, arkatzak, pastelak,...

Ezagunak diren paisaiak atzemango ditu ikusleak, baina begiratuan ezberdinak dira denak. Horixe da erakusketa honen magia.


Oihana Leunda eta Paula Estévez