Submitted by ereiten on

Image removed.Getaria, hiribildu harresitua izan zen. Erdi Aroko harresia lehenik eta baluarte modernoa ondoren. Harresiak babeserako elementu garrantzitsua izan dira historian zehar; kanpoko erasoak saihesteko modurik egokiena. Getariako orografiak babesgune naturala eskaini arren, kostako eta lurreko hegalak izan ziren gehien sendotu zirenak.

1859an, harresia oraindik babes elementu bezela ikusten zen Getarian. Hau botatzeko errege aginduaren aurrean, Getariarrek mendebaldeko eta hegoaldeko haizeetatik babesteko baliagarria zela argudiatu zuten. Urte gutxi batzuk geroago, ordea, haizetik babestea baino garrantzitsuagoa zen behar bat agerian geratu zen. Historian zehar modu eraginkorrean hiribildua babestu eta defendatu zuten pareta horiek, elementu itogarri bilakatu ziren. Horrela irakur daiteke 1881eko agiri batean:

“…en atención al aumento de población que se nota hace algunos años, se hacía ya preciso darle algún ensanche para poder edificar casas en que puedan habitar los vecinos que se hayan aglomerados en viviendas sumamente reducidas, y que al efecto convenía se solicitase del Gobierno de Su Magestad el Rey el derribo de sus murallas.”

Eskaera honek erantzuna izan zuen. 1885eko espediente batean Getariako lurreko hegaleko harresia eta honen kontra eraikitako kuartela eraisteko baimena aurki daiteke. Kuartela eta harresia bota ondoren libre geratzen ziren lurrak (268m luzeran eta 2m zabaleran) udaletxeari eman zitzaizkion bide publikoa zabaltzeko aukera izan zezan. Udalak berriz, elementu hauek eraisteko lanen gastua bere gain hartu zuen. Bestalde, eraikuntza hauek material erabilgarri ugari eskaintzen zuten. Material hau, ingeniari militarrek tasatu ondoren, enkante publikoan saltzeko eta jasotako diruaren zati bat Gerra Ministerioari emateko agindu zen. Gainera, libre geratuko ziren lursailean Udalak eraikitzeko erabakia hartuko balu, eraikitzeko partzela bakoitzaren salneurriaren %3a Estatuari entregatzeko klausula zehaztu zen. Urte bereko ekainaren 27an burutu zen tasazioa: lurreko hegaleko harresi zatiak emango zuen materiala 537,50 pezetetan estimatu zen eta kuartelarena 1.394 pezetetan.

Lehenik kuartela bota zen. Materiala Sebastian Etxanizek eskuratu zuen abuztuaren 2an egindako enkante publikoan eta tasatutako prezioan. Lurreko hegaleko harresiak, ordea, tente jarraitu zuen. 1906ko azaroaren 24ko udalbatzarrean hartu zen hau eraisteko erabakia. Egoera txarrean zeuden herri-bideak konpontzeko beharra zegoen eta betelanerako materialak harresitik ateratzea pentsatu zen. Gainera, horrela, Kale Nagusia libre geratzen zen, plazatik eta errepidetik eliza ikusten zelarik. Gertakari honek Getariaren zabaltzea eta lotura ekarri zituen. Baina ez pentsa lurreko hegaleko harresi zati osoa desagertu zenik! 1907an, harresiko materialen jabe zen Juan Eizagirre harginak zati bat frontoia egiteko eman zuen. Gaur egun, frontoiaren atzealdeari erreparatzen bazaio, honen paretak lurreko harresiaren zati bat aprobetxatuz eraiki zirela ikus daiteke.

Oihana Artetxe