Submitted by ereiten on

Image removed.Aurreko hilabetean 1903an zabaldu zen hiltegi berriaren inguruan aritu ginen. Hilabete honetako idatzia, aurrekoaren jarraipena duzue. Izan ere, Getariako abere hiltegiaren inguruko gorabeherak ez ziren hiltegi berria martxan jartzearekin amaitu.

XX. mendeko lehen erdian, batez ere hogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, ohikoak bihurtu ziren hiltegiaren garbitasunaren inguruko kexa eta aipamenak. Dirudienez, hiltegia erabiltzen zuten harakinek ez zuten behar bezala zaintzen eta garbitzen. Arazorik handiena hustubideak ziren, behar zuten mantenua egiten ez zitzaienez buxatu egiten baitziren. Horrelako azpiegitura bat egoera egokian ez mantentzeak osasun arazoak ekar ditzazkeela jakinik, behar duen higiene maila mantentzea ezinbestekoa da. Are eta gehiago, Getarian 1903an eraiki zen hiltegia herrigunean kokatzen zela kontutan badugu.

Azpiegituraren garbitasun ezari, harakinek bertan abereak hitzartutako orduetatik kanpo hiltzen zituztela gehitu behar zaio. Beraz, osasun arazoa areagotu egiten zen, orduz kanpo hildako abereak albaitariaren osasun azterketa egin gabe hiltzen baitziren.

Egoera honen aurrean, Udalak zenbait neurri hartu zituen. Hiltegia erabiltzen zuten harakinei azpiegiturak behar bezala mantentzen eta abereak hitzartutako orduetan hiltzen ez bazituzten zigorrak ezartzen zizkien. 1942an, higiene arazoa konpontzeko asmoz, hiltegian zenbait eraberritze lan egin ziren: lurzoruan zementu geruza bat bota zen eta hustubiderako sifoi bat jarri zen. Baina hau ez zen nahikoa izan egoera hobetzeko.

1954an hiltegia ixteko eta beste berri bat eraikitzeko agindua jaso zuen Udalak. Mende hasieran eraikitakoa oso egoera txarrean zegoen eta bertan egiten ziren lanetarako txikia zen jadanik. Gainera, ez zituen Hiltegien Arautegi Orokor Berriko zenbait baldintza betetzen eta bere kokagunea ez zen aproposena. Egoera honen aurrean, Udalak hiltegi berriaren kokagunea zehazteko beharra izan zuen. Honek, herrigunetik urrun eta ur emari batetik eta itsasotik gertu (hondakinak errazago hustutzeko) behar zuen.

Azkenean, Igarategi errotaren alboan kokatzea erabaki zen, izen bereko errekastoaren alboan. Kokagune honek bete beharreko baldintzak asetzen zituen. Behin kokagunea zehaztuta, hiltegi berriaren planoak eta proiektua egitea falta zen. Oraingoan Manuel Urkola Ansola arkitektoa izan zen eraikuntza berriaren diseinuaren arduraduna. Hiltegi berria egiteko 371.277 pezetako aurrekontua izan zuen Udalak, horietatik 125.000 pezeta Foru Aldundiaren diru-laguntza bitartez lortu zituen. Hau izan zen Getariako azken abere hiltegia.

Oihana Artetxe