Nekazarien
eta euskal abertzaletasunaren arteko erlazioa asko ikertu gabeko gaia
den arren, ezin uka daiteke estu lotuta egon direla azken mende eta
erdian, Sabino Aranaren garaitik aurrera alegia. Dena den, XIX. mende
amaierako eta XX. mende hasierako euskal literatura eta arteak nekazal
mundua identitate nazionalaren elementu idiosinkrasiko modura sailkatuta
ere (arraza, hizkuntza eta euskal bertuteen zaindari), euskal
abertzaletasunak ez zuen nekazal programa bat izan XX. mendeko 30.
hamarkadara arte. Horren bultzatzaile nagusi izan zen Euzko Nekazarien
Bazkuna edo Asociación de Agricultores Vascos izenez ezagutzera eman zen
elkarte sindikala, gipuzkoar lurraldean 1933an sortua eta 1934tik
aurrera Getarian presente egon zela jasota dagoena udal artxiboan.
Euzko Nekazarien Bazkuna katoliko, euskaldun eta solidario modura autodefinitzen zen. Sortu zen unetik, helburu nagusia euskal nekazariak baserriaren defentsarako batzea zen, jabetza berrietarako erraztasunak emanaz, berrikuntza eta alokairu kontratuak babestuz eta erreforma teknologiko zein higienikorako pizgarriak eskainiz. Horretarako, kooperatiben eta kreditu zein mutua instituzioen sorkuntzak bultzatu zituen, betiere, nekazaria gehiegizko fiskalitatetik babesteko asmotan. Argi dago nekazal munduaren garapen ekonomikorako eta nekazarien bizi kalitatea hobetzeko baliabideak eskaini zituztela, baina, zergatik?
Bigarren errepublikaren hasieratik, masen politizazio eta gatazken hazkundearekin, alderdi politikoen zati handi bat nekazalgoaren botoa erakartzen saiatu zen, EAJ/PNV alderdiak E.N.B elkartearekin egin zuen moduan. Aipaturiko alderdiak, elkarte honen bidez, abertzaletasuna zabaldu eta alderdiaren gertukoak ez ziren sektoreengana gerturatzeko maniobra egin zuen. Ezin da aipatu gabe utzi, gainerako espainiar lurraldean gertatzen ez zen moduan, egungo Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan ez zela ezkerreko nekazal sindikaturik existitzen, Euzko Nekazarien Bazkunari bidea libre utzi ziona.
Udal aktetako aipamen bakarra 1934ko ekainaren 10ekoa da. Bertan, aipatutako elkartearen idatzi bat aipatzen da, non aztergai dugun elkartea udaletxeko nekazal komisioan sartzea komenigarria izango litzatekeela aipatzeaz gain, udaletxeari ondorengo eskariak egin zizkion:
- Hiltegiko araudiaren zuzenketa.
- Nekazal haurtzandegiaren sorkuntza.
- Bideen konponketa.
- Egoera txarrean aurkitzen ziren baserrien konponketa egitera behartzea zegokien jabeei.
- Nekazal produktu onenak saritzeko lehiaketak antolatzea.
Eskari hauek jendea erakarri ahal zuten? Nekazal botoaren gorakada eman zen? Udal artxiboko lanek ekarriko dute erantzuna.
Xabier Etxeberria
*Irudia: Donostiako Lurdesko Andra Mariaren elizan (kaputxinoak) Euzko Nekazarien Bazkunak eginiko topaketa 1935ean. Iturria: Kutxa Fototeka
- Log in to post comments