
Uda
joan da eta argi orduak gero eta urriagoak dira egunetik egunera.
Lehenago iluntzen du eta inguruak beltzez margotzen dira. Eguzki izpiek
gure egunerokotasuna baldintzatuko balute, goiz erretiratuko ginateko
urteko sasoi honetan. Orduan estimatzen da gehien kaleko argiteriaren
laguntasuna; iluntasunean kalean ibiltzea baimentzen duena eta gaueko
orduetan lasai ibiltzeko segurtasuna ematen duena. Kaleak argiteria
elektrikoz hornitzea pauso garrantzitsua izan zen, baina noiz iritsi zen
argiteria hori Getariara?
Getariako kaleak argiteria elektrikoz hornitzeko nahiaren lehenerakustaldia 1896. urtean gertatzen da. Urte horretan oraindik, Getariako kaleak petrolio argiz argiztatzen ziren, inguruko herriak argi elektriko bidez argiztatzen hasiak ziren bitartean. Arrantzale herria izanik, gauetan kalea ondo argiztatua izateak zer nolako garrantzi zuen jakinik eta inguruko herriak adibidetzat harturik, Getariako Udal Batzordeak hiribilduan argiteria elektrikoa jartzeko erabakia hartu zuen.
Herriko txokoak arretaz aztertu eta argiak hiribilduko eta inguruetako zein puntutan jarri behar ziren zehazteko batzorde berezi bat sortu zen. Behin lan hori eginda, 1896ko martxoaren 5ean herriko argiteria elektrikoa jartzeko lanen enkantea egiteko balditza plegua onartu zen. Enkante publiko honek, ordea, ez zuen arrakasta handirik izan. Dirudienez, Udalak ezarri zituen baldintzek ez zuten eskatzailerik erakarri. Horrela, 1898 eta 1900 urteetan baldintza hobeak eskatzen zituzten bi eskatzaileren proposamenak iritsi ziren Udalera, baina hauek ere bertan behera geratu ziren. Egitasmoa aurrera atera ezin horretan, Getariako kaleak petrolio argiz argiztatzen jarraitzen ziren.
Ez zen 1900 urteko azaroa arte izan, baldintza berri batzuekin, argiteria elektrikoaren horniketaz arduratuko zen eskatzaile baten oniritzia lortu zutela: Jose Vicente Echeverria jaunarena.Horretarako berriz, 1896. urtean ezarritako baldintzak berrikusi behar izan zituzten. Horrela, argiteriaren ustiaketa 10 urtetik 12 urtera igotzea eta emakidadunak urte horietan telefono publikoaren erabilera pribatua egiteko aukera izatea adostu zen, besteak beste. Udalak, benetan behar zen argitasuna lortzeko, 55 argi inguru kokatzea eskatzen zuen, baina azken esleipen honetan ez da zehazten zenbat goritasun-lanpara jartzeko konpromesua hartzen zuen emakidadunak. Bai ordea, argiztapen publiko eta partikularrean eta baita linea telefonikoan gerta zitezkeen arazoei aurre egin beharko ziela.
Azkenik, 1901ean ezarri zen Getariako argiteria elektrikoa. Hala ere, Udal artxiboko agiriek erakusten dutenez, hurrengo urteetan zenbait arazo emango zituen argiteri berri honek.
Oihana Artetxe- Log in to post comments