Submitted by ereiten on

Image removed.Abenduaren azken eta urtarrileko lehen egunetan gabon garaia izaten da. Gabon Gauarekin hasi eta Errege Egunarekin bukatzen diren jai hauek aspaldidanik errotutako tradizio dira, erlijio katolikoa iritsi baino lehenagoko erritoetan sustraitzen direnak. Neguko solstizioan oinarritutako jaiak izaki, urteko egunik motzena eta egunak luzatzen hasten direla ospatzeko intentzioarekin sortutako zenbait errituk sortu zuten aro hau.

Kristau erlijioak, berau gailentzeko asmoarekin, herrialde desberdinetan zeuden erritu paganoak aztertu, birmoldatu eta erabili zituen. Gainera, denborarekin sustraitze sakona izan duten ohitura eta pertsonai desberdinak sortu zituzten, tartean Errege Magoak.

Eguberrietako azken ospakizuna Errege Magoen etorrera izaten da. Ekialdetik datozen hiru pertsonai hauek opariz gainezka iristen dira gure etxe eta herrietara. Etorrera hori zamalkada baten bidez antzeztu izan da.

Zumaiako artxiboko udal aktetan murgildu gara herriko zamalkadaren berri izateko eta bilaketa azkar baten ondoren topatutako lehen datua 1953ko abendukoa da. Dokumentu hau, ordea, ez da zamalkada antolatu zen lehen aldikoa, bertan irakur daitekeenez aurreko urteetan ere ospatzen zen. Urte haietan Sociedad Peña Pulpo arduratzen zen zamalkada antolatzeaz, beti ere alkateorde eta udaleko idazkari eta kontu-hartzailearen laguntzarekin. Errege Magoen zamalkada antolatzeaz gain, herriko umeentzako jostailu banaketa ere egiten zen. 1956ko dokumentu batek, ekitaldi honen antolakuntzatik eratorritako gastuak elkarteak ordaintzen zituela pentsa arazten du. Izan ere, urte horretan, elkarteak udalari gastuei aurre egiteko diru laguntza bat eskatu zion. Udalak 350 peseta eman zizkion elkarteari eta 100 pesetako eskupekoa Pedro Usandizaga Irigoieni herriko haurrei opariak banatu ahal izateko burututako lanengatik.

Urte horretan bertan, ordea, antolakuntzan aldaketa bat ematen da. Dokumentazioan ez da inolako arrazoirik agertzen, baina 1957an Falangeko parte zen Frente de Juventudes delakoak hartu zuen ekitaldia antolatzeko ardura. Dokumentazioak ez du argibide handirik eskaintzen baina orain urte gutxiko gertakariak direla kontutan izanik, batek baino gehiagok gogoan izango ditu oraindik. Kasu honetan, dokumentazioak eskaintzen dizkigun datuak zumaiarrek memorian gordetakoarekin osatzeko aukera dago. Egun hauetako familia giroko bazkari eta afariak girotzeko gai polita izan liteke honako hau.


Oihana Artetxe