
Aski ezaguna da Getaria munduari bira ematen
lehena izan zen itsasgizonaren sorterria dela. Juan Sebastian Elkano zenaren
presentzia etengabea da Gipuzkoako kostaldeko herri honetan. Elkano izeneko
kale, jatetxe eta arrantzale-kofradia; pertsonaiaren bi estatua eta monumentua;
bere jaiotetxea non zegoen adierazten duen plaka… Baina bada lau urtetik behin
errepikatzen den eta munduaren lehen zirkumnabigazioarekin lotura duen ekintza
bat ere. Itsasgizonaren memoria harriaren zurruntasunetik aldendu eta bizirik
mantentzeko ahaleginean edo, 1522an Victoria naoa San Lucar de Barrameda-ko
portura iritsi zeneko momentua antzezten dute Getariako herritarrek. Noiztik
egiten da ordea Elkanoren Lehorreratzea?
1922ko Irailaren 6an, Magallaesek hasi eta Elkanok bukatu zuen espedizioaren IV. mendeurrena betetzen zen. Data esanguratsu hori gogora ekartzeko eta herriko seme den itsasgizon handia goresteko nahiak, egun horretan ospakizun berezi bat antolatzera bultzatu zituen Getariarrak. Elkanoren izena nazioartean goraipatzeko asmoz ekintza sorta bat antolatu zen eta bertako eta atzerriko erakunde eta pentsonaia entzutetsuei bertaratzeko gonbidapena luzatu zitzaien. Programaturiko ekintzen artean Elkanoren desfilea zegoen, hori izan zen Elkanoren Lehorreratzea antzeztu zen lehen aldia.
Egun berean, Elkanoren Monumentua bezala ezagutzen den eraikinaren lehen harria jarri zen eta Ramón de Cortazar, Casa Torres-eko Markesa, Ignacio Zuloaga eta Elias Salaberria herriko semetzako izendatu zituzten, besteak beste. Ospakizun hauetan, Alfonso de Churruca jauna izan zen, Getariako udaletxearen eta mendeurrenaren batzordearen izenean, gonbidatuen aurrean hitz egiteaz arduratu zena.
Lehen Elkanoren festa hau ezin hobeto joan zela dirudi. Izan ere, festaren biharamunean eginiko udal batzarrean baloraketa oso positiboa egin zen. Pozik azaldu ziren Getariara mendeurrena ospatzera etorri ziren pertsona eta ordezkaritzak ikusita, tartean Espainiako Erregeak eta munduko potentzia garrantzitsuenen itsas ordezkaritzak.
Festaren prestakuntza, ordea, 1919. urte inguruan hasi zen. Donostian ohorezko batzorde bat eta zuzendaritza batzorde bat osatu ziren eta Elkanoren urteurrena ospatzeko batzordetarako ordezkariak aukeratu ziren Getarian. Hauek festaren egitaraua zehazteaz eta hori gauzatzeko beharrezkoa zen dirua lortzeaz arduratu ziren, besteak beste. Baina Elkanoren festa egituratzeaz gain, Getariarrek herrian zenbait hobekuntza egiteko aukera paregabea ikusi zuten IV. mendeurrenaren antolakuntza aitzaki. Aipatzekoa da ospakizunak antolatzeko lortu zuten diru laguntzaren zati bat herrian zenbait obra eta berrikuntza egiteko aprobetxatu zela. Hau horrela, 1922ko uztailean, batzordeko idazkari nagusia zen Ramon Luis de Camio jaunak, mendeurrena ospatzeko Getariako udaletxea egokitzeko beharra azaldu zuen. Udaletxeari beste eraikin bat gehitzea zen asmoa, eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Estatutik jasotako dirulaguntzak baliatzea adostu zuten. 50 urte beranduago ere, 1972ko Elkanoren festa antolatu zenean, Getariarrek antzeko zerbait egin zuten. Oraingo honetan, aukera udaletxe zahar eta berrian zenbait berrikuntza egiteko eta Elkanoren Monumentuan zenbait aldaketa burutzeko baliatu zuten. Hau ikusirik eta V. mendeurrena begien bistan dagoen honetan, zer izango dute esku artean Getariarrek?
Oihana Artetxe- Log in to post comments