Submitted by ereiten on

Image removed.Zumaia Urola eta Narrondo ibaiek bat egin eta itsasoratzen diren tokian kokatutako herria da. Kokagune honek bere historia baldintzatu du itsasora begira bizi izan den herri bilakatuz. Portu garrantzitsua izateaz gain, ontziola garrantzitsuen kokagune ere izan da herri hau. Gaur egun oraindik itsasoarekin lotura estua duela ezin uka.

Hala ere, itsasadarreko trafikoa asko aldatu da azken mendean, jadanik ez da arrunta tamaina ertaineko itsasontziak itsasargiko punta saihesten ikustea. Egun txalupa, batel, yate eta belaontzi bat edo beste ikustea arruntagoa da. Hala ere, noizean behin, 90 urte beteak dituen eta herrian martxan jarraitzen duen ontziola bakarrak, Astilleros Balenciaga S.A.-k, eraikitzen dituen ontzien uretaratzeek ikusmin handia sortzen dute. Ontzi hauek, ordea, ezingo lirateke uretaratu itsasadarraren mantentze-lanak egoki egingo ez balira.

Itsasadarrean nabigatu ahal izateko oso garrantzitsua da, noizean behin, hondoa garbitzea. Ibaiek ekartzen dituzten hondar eta lohiak hondoan eta alboetan pilatzen joaten dira eta, kendu ezean, nabigazioa oztopatu dezakete eta, okerrenean, ezinezkoa bihurtu. Udal aktetan behin baino gehiagotan irakurri daitezke ibaiaren bokalea dragatzeko lanen berriak. Lan hauek arrazoi desberdinak bultzatuta egin izan dira, baina ziurrenik, dragatze lanik handienak 1985-1916 bitartean Zumaiako portuaren lanen baitan burutu ziren.

Urte horietan Zumaiako portua hobetzeko lan garrantzitsuak burutu ziren: merkatal kaia eta itsasadarra bideratzeko dikea eraiki ziren, Arrangoletako padura saneatu zen… Lan guzti hauek burutzeko itsasadarreko zenbait puntu dragatu behar izan ziren. Arrangoletako paduraren saneamentuaren kasuan, lur eremu hori itxi eta betetzea aurreikusten zen. Baina nondik aterako zuten 32.000m2 inguruko azalera eta 3,75m inguruko altuera zuen padura betetzeko materiala?

Dirudienez, Arrangoletako paduratik gertu hondar-banku handi bat zegoen. Dokumentuetan irakurtzen denez gainera, hondar-banku honen hazkundea oso azkarra izaten ari zen azken urteetan, portuko nabigazioan oztopoak sortuz. Hau konpondu eta pilatutako hondarrari probetxua ateratzeko asmoz, Arrangoletako padura bertako hondarrarekin betetzea adostu zen. Guzti hori aurrera eramateko dragatze lanak beharrezkoak ziren, baina Zumaiak ez zuen dragarik…

Egoera honi konponbidea emateko, 1900 urtean draga bat erosteko tramiteak hasi zituen Zumaiako Udalak. Estatuari, Zumaiako portu berria eraikitzeko lanetarako beharrezkoa suertatzen zen makina hau erosteko eskaera luzatu zitzaion. Azkenean irudiko draga edo honen antzeko draga bat lortu zutela ondorioztatzen da, lanek bere bidea jarraitu zuten eta.


Oihana Artetxe


*Irudia: Euskomedia