
Zorra.
Jakina da egungo gizartean zor publikoak edozein politika gidatzeko
duen pisua erabakigarria dela. Atzera begiratuz gero, bat azkar
konturatu daiteke historiako pasarte asko ere baldintzatu dituela.
Herri-zorra denboran zehar oso presente egon den moduan, hau gutxitzeko era ezberdin eta ugariak erabili izan ditu estatuak. Horren adibide argia izan zen desamortizazioa. Prozesu horren pasarte bat jasota dago udaleko artxiboan, azken zatiarena, Madozen desamortizazioarena alegia.
1855an atera zen argitara Desamortizazioaren Lege Nagusia, Pascual Madoz Ogasun Ministroaren eskutik. Honen arabera, eliz ondasunak eta udal lurrak salgai jarri behar ziren. Hala eta guztiz ere, salbuespenez betetako lege bat izan zen Gipuzkoaren kasuan (baita gainerako euskal probintzien kasuan ere), foru aldundien eta udalen lege honekiko aurkakotasuna zela eta. Getariako kasuan, udalbatzarretako aktek argi erakusten dute aipaturiko aurkakotasun hau.
1856ko maiatzaren 7ko batzarreko aktan, udalari atentzioa deitzen zaiola aipatzen da, desamortizazio legeari lotutako ondasun zerrenda aurkeztu ezaren ondorioz. Ez da ahaztu behar, 1836an Getariako udal artxiboa erretzearen ondorioz mota honetako erroldak desagertu egin zirela. Hau dela eta, Probintziako Gobernadore Zibilak, ofizio baten bidez, hiru eguneko epean ondasunen zerrenda egin eta aurkeztea agindu zion udalari.
Hiru egunak ondo luzatu ziren. Aipaturiko zerrenda hiru urte beranduago egin zela islatzen digu 1859ko abuztuaren 1eko udalbatzarreko aktak. Ondorengo ondasunek osatzen zuten zerrenda:
- Udaletxea. Hasieratik argi uzten zen besterenezina zela, herriak eraikin honen beharra baitzeukan.
- Portuko etxola. Hau ere besterenezina zen, 1875. urterarte baitzegoen alokatuta. 8.000 errealeko balioa zeukan, urteko 160 errealeko errenta emanaz. Saltzekotan arrantzaleen gremioari akzioak eta etekinak bermatu behar zitzaizkion.
- San Anton mendia. Urteko 400 errealeko etekinak ematen zituen.
- San Anton mendiko bost etxola, arrantzarako materialen deposito modura erabiltzen zirenak. Udal lurretan eraikita egon arren, jabetza pribatukoak zirenez, hauek ere besterenezinak ziren.
- San Anton gaztelua. Guda garaietan soldadu-taldeez okupatuta egon ohi zena. Funtzioa ikusita, hau ere besterenezina izango litzateke.
Zerrendaren arabera, San Anton mendia zen salgai jarri zitekeen udal ondasun bakarra.
Xabier Etxeberria
*Irudia: Getariako Udala. http://www.getaria.eus/eu/content/arrantza-eta-arrantzaleak
- Log in to post comments