
Musikak
arima aberasten duela esan ohi da sarritan eta egia da baduela
gogo-aldartea aldatzeko nolabaiteko ahalmena. Guztiok ditugu momentu
konkretu desberdinetan entzutea gustatzen zaizkigun kanta edo piezak,
gehienetan hain pertsonal bihurtu ditugunak. Norberak bere soinu banda
osatu duen antzera, ekintza publiko desberdinetarako ere hautatu izan
dira pieza desberdinak. Oso bestelakoak dira festa egun batean entzuten
diren piezak edo prozesio batean entzuten direnak, oso bestelakoak baita
ere dantzaldi bateko doinuak eta harrera ofizial batekoak. Hala ere,
sarritan berdinak izan ohi dira herri batean musika doinu desberdin
horiek interpretatzeaz arduratu direnak: Udal Musika Bandako kideak.
Zumaian 1885 urtekoak dira Udal Musika Bandaren inguruko lehen aipuak. Urte horretan, Musika Bandaren edo Udal Orkestraren antolaketa eta mantenurako neurriak jasotzen dituen dokumentu bat idatzi zuen Udalak. Hamahiru puntu desberdinetan Udal Musika Banda osatzeko eta bertako kide izateko baldintzak, betebeharrak eta eskubideak jaso zituzten. Udal Musika Banda osatzearen helburua ere garbi adierazten da: gazteen hezkuntza hobetzea eta horien artean musika ikaskuntza zabaltzea.
Taldearen funtzionamendua bermatzeko, musikarien artean aukeratutako zuzendari bat egon behar zen; beti ere, Udalak maisua izendatzeko eskubidea izanik. Astean gutxienez bi entsegu edo klase hartzeko betebeharra zuten Udalak zeregin horietarako eskeinitako lokal batean. Gainera, bandako partaide guztiek entseguetara eta bandaren irteeretara puntualki joateko beharra zuten. Horrela egin ezean eta huts hori justifikatu ezean, Bandaren fondoak aberastera bideratuko zen bi eta hamar erreal bitarteko izun bat ezartzen zitzaion taldekideari.
Udal Musika Banda izaki, Udalaren babes osoa jasotzen zuen. Hau horrela, behar ziren instrumentuak, partiturak eta bestelakoak erosteko dirua Udalak ematen zuen, baita banda osatzen zutenen eta zuzendariaren soldata ere. Ordainetan berriz, Zumaiako Udal Musika Bandak prozesioetan jotzeko, ekitaldi ofizialetan udalbatza laguntzeko, dibertsio publikoak girotzeko (batez ere kanpotar bisitarien etorrera garaian) eta Udalak hala eskatzen zuen guztietan jotzeko betebeharra zuen.
1886ko otsaileko dokumentu batean, Zumaiako Musika Bandaren zuzendari Pio Ferran izendatzen dutela irakur daiteke. Ziurrenik bera izan zen Udal Bandako lehen zuzendaria. Honek, ordea, hilabete gutxi batzuk geroago dimisioa aurkeztu zuen eta bere ordez, 1887. urtean Bonifacio Galparsoro jauna izendatu zuten kargu hori betetzeko. Agirien arabera, honek ere ez zuen denbora asko egin karguan, izan ere 1889rako Juan Gurrutxaga agertzen baita zuzendari gisa. Hain zuzen, urte horretan bertan, Udal Musika Bandak bere baitan zituen instrumentu eta paperen inbentarioa aurkezteko eskaera egin zitzaion Gurrutxagari. Artxiboan gordeta dagoen agiri hori garai hartako Udal Musika Bandaren isla dela esan daiteke, baina hori beste baterako utziko dugu...
Oihana Artetxe
- Log in to post comments