Submitted by ereiten on

Image removed.Jaio berria atarian abandonatuta. Horra hor 2016. urtean azaldatzen gaituen gertakizuna. Nahiz eta orain dela 250 urte gertatu. Nahiz eta Europako bideetan gerratik ihesean 10.000 haur galdu direla entzun eta ahaztu dugun.

Jaio berria atarian. Euskal Herrian ez ezik, gertakizun arrunta aitzinako gizartean. XVIII. mendearen erdialdean umezurtzak ugaritu ziren gure kaleetan. Une delikatua zen hura. Familia osatzeko zailtasunak oso ziren nabari. Batetik, ezin etxea sortu; bestetik, ogibidea eskuratzeko aukera gutxi. Krisi garaia. Ezin ezkondu, ezin hazi jaio berriak. Haurdunaldiak, espero gabekoak, emakumezkoen ardura eta errua bilakatzen ziren horrela.

Etxekoen laguntzarik gabe edo etxerik gabe, garai batean normaltzat jotzen ziren haurdunaldiak arazo bihurtuta, euskal agintariek umezurtzak nola jaso eta hezi ezin bideratu.

Umeak kalean uztea aukeretako bat zen. Horrek gizon baina batez ere emazte haien sendimenduak uzten ditu agerian behin baino gehiagotan. Hala da, bederen, Baztango umezurtz honen bueltakoak. Haurra bataiatua dela adieraztea hala ematen du aditzera. Haurrarekin batera utzitako oharrak argitzen du hori, euskaraz emana.

Agiri honek jasotzen duenak orain dela 250 urtetan gure aurrekoek pairatutako gordintasuna islatzen du.

250 urte beranduago zer ikasi dugu elkartasunaz, gizarte zerbitzuaz, krisi egoerak sortzen dituen arazoaz?

David Zapirain