Submitted by ereiten on

Image removed.1816ean Maria Ignazia Mugikakoak eta bere ahizpek, beraien aitak lagunduta, Maria Magdalena Lertxundikoaren aurka salaketa jarri zuten, lehenengoaren aurkako irainak plazaratzeagatik (AsteasukoUA, 165-23). Auziaren afera ohikoa bada ere, dokumentazioak harribitxi batzuk gordetzen ditu, bereziki euskarari eta bertsolaritzaren historiari dagokionez. Izan ere, irainak bertsotan aditzera eman ziren. Halakoak errateko bidea ez zen nolanahikoa: bertsoak erabiltzeak publizitate handia zekarren eta honela, abesten zena hagitz azkar hedatu zitezkeen. Komunikabide bikaina ziren, zer erranik ez garai hartan irakurtzen zein idazten ez zekitenen kopurua hagitz handia zenean. Bertsoak, beraz, notizia, pasadizo, gertaera, zurrumurru eta bertzelakoen berri emateko komunikabide ezin hobea ziren, egia nahiz gezurra izan. Modu honetan, trikixa “inpernuko auspo”-tzat hartu den bezala, bertsoak “deabruaren tresna”-tzat hartu zitezkeen. Dokumentuak jasotzen zuen moduan:

“...se agrava la maldad al considerar que la afrenta se ha executado de la manera que recibe una publicidad escandalosa, y dificil de contener su pernicioso vuelo, porque la juventud que en todos los paises y no menos en esta provincia se entrega a tomar los versos de memoria para contarlos, se olvida con dificultad de ellos por el frecuente uso que hace de ellos, resultando de aquí la extensión de la mala nota con que se califica mi referida hija...”.

Bertze behin, Asteasuko udal artxiboa gure hizkuntza zein kulturaren munduan aritzeko aukera bikaina eskaintzen digu. Bertan gordetzen den dokumentazioari esker, euskararen inguruan aritzeko parada izan dugu behin baino gehiagotan; oraingoan, ordea, horrekin lotutako bertsolari munduaren inguruan zertzelada batzuk emanen ditugu.

Izan ere, “Mañazi” zenaren inguruan kantatu zituztenak eta bertsoak bota zituztenen izenak guregana iritsi dira. Dokumentazioak lau izen ematen ditu; eta hemen datza, informazioaren beste esparru azpimarragarrienetako bat: guziak emakumeak baitziren. Lekukotzen arabera, bortz bertsoen egileak honakoak lirateke:

- Teresa Antonia Beobidekoa (1.go bertsoa).

- Concepción Irazuztakoa (2-3 bertsoak).

- Maria Magdalena Lertxundikoa (4. bertsoa).

- Maria Antonia Etxeberriakoa (5. bertsoa).

Beraiei buruz deus gutti erran dezakegu. Agidanez laurak zeharo ezezagunak dira edo bertsolaritza munduarekin lotuta, ez dago beraien inguruko daturik. Ez behintzat Bertsolaritzaren Datu-Basera joz gero (http://bdb.bertsozale.eus/).

Edonola ere, badago zer aipatua. Hasteko, kronologiaren nondik norakoa. Izan ere, XIX. mende hasierako auzi bat denez, emakume guziak XVIII. mendearen azken laurdenean jaiotakoak ditugu, lehenago ez bazen. Pello Errotaren herriak, beraz, tradizio luzea zuen halako jardunetan, bere sendiko alabek ongi islatzen duten bezala; arreba Sabina (1842an jaioa) eta Joxepa Iñaxi (1864) eta Mikaela (1869) alabak tartean. Orain berriz, bizpahiru belaunaldi lehenagoko bertsolari emakumeez ari gara. Honek ez du erran nahi halakoak Asteasun soilik ematen zirenik. Bertze herrietan gehiago izanen ziren halako lanetan, ziur. Hor ditugu XVIII. mendean jaiotako Maria Antonia Soloagakoa bizkaitarra eta Bixenta Mogel azkoitiarra. XIX. mende erdialdean, berriz, Donostiako Joxepa Anttoni, Xenpelarren arreba Maria Luisa, Hondarribiko Joxepa edota Iparraldeko Marie Argain eta Anna Etchegoyen daude, bertzeak bertze (ald. http://www.euskonews.com/0056zbk/gaia5603es.html).

Antonio Zavala zenaren “Iru Bertsolari” lanari erreparatuz (http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10642.pdf), badugu zer atera. Gure dokumentuan aipatzen den Teresa Antonia hori Luis Elola-Olasoren emazte moduan aurkezten da, eta bien izenak Zavalak jasotzen zuen eta 1816an jaio zen Jose Agustin Elola “Agustin Zakarra” delakoaren gurasoak dira. Era berean, bi bertsoren egile den Irazuzta, dokumentuan Domingo Mendiakoaren emazte moduan ageri zaigu. Baina bertzelako datuen inguruan, deus ez.

Eliz-sakramentuen erregistroan kontsulta eginez gero (http://mendezmende.org/eu/partidas/) , ordea, beraien nondik norakoak topaturen ditugu. Lerro hauek ez dira beraien gorabeherez sakontasunez aritzeko lekua, baina halaz ere, etorkizunean lan horretan jarduteko asmoa dutenentzako helduleku batzuk eman nahi ditugu.

Concepcion Irazuzta delakoa, Joseph Antonio Irazuzta Loinaz eta Maria Manuela Elola-Olaso Goikoetxearen alaba zen, eta “Maria Conceciana Yrazuzta Elola-Olaso” moduan bataiatua izan zen, Asteasun, 1772ko abenduaren 6an. Hogeita bederatzi urte zituela ezkondu zen Domingo Ignazio Mendia Mendiarekin, 1802ko urriaren 4an. Heriotzak, aldiz, ia 50 urte beranduago deitu zion: erregistroa 1851ko otsailaren 16koa dugu, hain zuzen ere.

Sistema bera jarraituta, bertzeei dagozkien datuak erdiesteko aukera dugu. Teresa Antonia Beobide Zatarain, 1781eko urriaren 15ean bataiatua izan zen, eta heriotza erregistroa 1856-12-27koa dugu. Ezkondu berriz, 1806eko otsailaren 10ean egin zen, aipatutako Luisekin. Maria Magdalena Lertxundi Sorarraini dagokionez, badakigu gure espedientearen urte berean Juan Bautista Bengoetxeakoa senar hartu zuela, urriaren 14an eta 21 urte zituela, 1795eko otsailaren 2an bataiatua izan baitzen. Bere biziaren uztearen berri 1867ko urtarrilaren 7an dugu. Maria Antonia Etxeberriakoari buruzko datuak, aldiz, zailagoak zaizkigu. Izan ere, Asteasuko XVIII. mendeko bataio-agirietan izen bereko hiru emakume ditugu: Maria Antonia Etxeberria Kerejeta (1773-04-21), Maria Antonia Etxeberria Etxabeguren (1789-06-29) eta Maria Antonia Etxeberria (1797-01-12). Ez ziren, beraz, adineko emakumeak. Gazteena Maria Magdalena dugu, 21 urtekoa. Zaharrena, aldiz, Concepcion, 44 urterekin.

Beraien bertsolari jardunari buruzko daturik ez izateak, plazetan aritzen ez zirelaren ideia ematen digu aditzera; datu berriak eskuratu ezean eman dezakegun behin-behineko ondorioa dela azpimarratu behar badugu ere. Baina jarduera “publiko” bat ez izateak, ez du erran nahi bertsoetan aritzen ez zirenik. Aitzitik, 1816ko salaketak halakorik bazela islatzen du. Ziurrenik, Asteasuko adibidea J. M. Lekuonak emakumeen paperaren ideien ildotik hartu behar dugu; hau da, bertsolaritzaren sugarraren euste-lanak emakumeek baserrietan jorratzen zituzten abestiei zein zuten bertsozaletasunari esker zor diogula. Bertso hauek bide horretatik joanen lirateke. Emakumeek beraien artean eginen zituzten, esparru pribatuan. Plazetan ez ziren arituren, baina bai beheko suaren berotan, artoa aletuz, garia jorratuz, behiak jetziz, harrikoa zein gorua eginez… Egunerokotasuna eta garaiko lanak eramangarriakoak egiteko. Baina baita, 1816ko honetan bezala, txutxumutxuak edo zurrumurruak akuilatzeko ere.

Argi dago beraz, euskal kulturaren hainbat eta hainbat gai oraindik orain uste baino guttiago sakondu direla. Gure ezjakintasunak handia izaten jarraitzen du eta zer ikertua badago. Hasteko, garai ezberdinetako dokumentazioa gordetzen den erakundeetara joz eta bertako idatziak kontsultatuz. Honela, duela hainbat mendetako hutsuneak betetzen joanen gara, ez bertzela. Lan hau burutzeko paleografia ezagutzak nahitaezkoak dira bai, baina hauek ezinbertzekoak dira emaitzek benetako balioa izate aldera eta hipotesi sasizientifikoak baztertuak izan daitezen.

Horregatik, dokumentuan biltzen diren bertsoen transkripzioa gaztigatu nahi dugu; horren bidez, ikertzaile, aditu edota zaleek, bertsolaritzaren zein garaiko euskararen inguruan sakontzeko tresna berri bat izan dezaten. Beraiek gu gai ez garen esparruetan aritzeko aukera polita izanen dute, ezbairik gabe.

Primer verso

Versua paratzeko bada motivoa

Juan Bautista Mañaciren ondora dijoa

Gorocenetaco(1) gaztañac itz eguiten balequi,

cer pasatu dan ongui esango luque nosqui.

Segundo

Zaldunieta gaubian(2),

yllaren ogueita bostian(3),

contentuago ciran

Gorozeneta gañian,

Juan Batista aurrian da

Mañaci atzian.

Etziran seguru ere

oz beren eltzian(4).

Tercero

Juan Batista Olazagaco,

mutil prudentia,

eztezu gaizqui consolatu

caleco jendia.

Basuan egoten da

ipiñita eultza(5),

ez dezu gaizki jorratu

Lizolaco beltza.


Cuarto

Juan Batista cenduanian(6)

Mañaci billatu,

Caravelaco aurrian

cenduan asiñatu:

“Zaldunieta gaubian(7)

diberti gaitian(8),

guacen Gorotzenetara

istante(9) batian”.


Quinto

Baratzan eder baitu

Ydarrac(10) lorea(11),

ez daucazue salduric

Lizolaco belia(12).


Amagoia Piá eta Iago Irixoa


Oharrak


(1) Bigarren bertsioan: “Gorotzenetaco”. Gaur egun, toponimoa Errezil eta Alegin mantentzen da. Hiru baserri daude izen horrekin (Gorotzene, Gorotzenea eta Gorotzenea Goikoa).

(2) Iñauterietako igandea: “Zaldun-igande”, “zaldun inaute” adierez ere ezaguna.

(3) Lehenengo bertsioan, zati hau ere bertsoaren lehenengo ilaran doa.

(4) Lehenengo bertsioan: “elcian”.

(5) Lehenengo bertsioan: “eulza”. Orotariko Euskal Hiztegiak “eultzadi” eta “eultzar” adierak biltzen ditu. Eultzadi erlategiren sinonimo bezala dute (Larramendik “eultzadi” hitzari “colmenar” esanahia ematen dio). “Eultzar”, aldiz, “eulitzar”-ren sinonimo moduan.

(6) Lehenengo bertsioan: “cinduanian”.

(7) Bigarren bertsioan: “gabian”.

(8) Lehenengo bertsioan: “gaican”.

(9) Bigarren bertsioan: “instante”.

(10) Idar = ilar. Orotariko Euskal Hiztegian, “ilar” hitza ere “gezur” hitzaren sinonimotzat ematen da.

(11) Bigarren bertsioan: “borea”.

(12) “Belea”-gatik, ziurrenik. Bi bertsioetan, hirugarren bertsoan “beltza” irakurtzen da, eta horrek esanahi zuzena du “belea”-rekin. Testuinguru honetan esanahi negatiboa duela antzeman daiteke: tristea, zorigaiztokoa… Ziurrenik Mañaziri aipamena egingo lioke.