Urriaren 22an eta 23an, Kohaference 2026 topaketa izan zen CENEAMen, Valsaín (Segovia), "Cooperar, desarrollar, compartir" lelopean.
Koha liburutegiak kudeatzeko software librearen inguruan antolatzen den topaketa da Kohaference. Bertan, liburutegietako profesionalak, garatzaileak eta bolondresak elkartzen dira, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, erronka berriei buruz hausnartzeko eta Koha komunitatearen arteko elkarlana indartzeko.
Aurten, Medialab Tabakaleratik bi lantegitan parte hartu genuen:
-Catalogación con ChatGPT
Mariaje Urkijo (Medialab Tabakalera) eta Hugo Agud (Orex Digital).
ChatGPT tresnaren bidez Adimen Artifizialak katalogazio-prozesuetan izan ditzakeen erabilerak aztertu ziren. Helburua katalogazio-lanak errazteko aukerak ezagutzea izan zen, adibide praktikoetatik abiatuta, baina baita teknologiaren mugak eta emaitzak berrikustearen garrantzia azpimarratzea ere.
-Conecta tu catálogo: Wikidata y datos enlazados en Koha
Leire Mitxelena (Medialab Tabakalera) eta Pablo Rodríguez (Xercode).
Lantegian, Medialab Tabakaleran datu estekatuekin egindako lana eta esperientzia partekatu genituen. Koha katalogoko autoritateak Wikidatarekin nola lotzen ditugun, informazioa nola aberasten dugun eta datu horiek nola berrerabil ditzakegun azaldu genuen. Saioaren atal praktikoan, Wikidatan autoritateak sortu eta liburutegi desberdinetako katalogoen arteko loturak nola ezarri landu genuen.
Bi lantegiek helburu bera izan zuten: teknologia berriak liburutegien eguneroko lanera hurbiltzea, esperientzia praktikoak partekatuz.
Kohaference ez da soilik ezagutza teknikoa partekatzeko topaketa. Komunitatea sendotzeko, harreman berriak sortzeko eta etorkizuneko proiektuak elkarrekin eraikitzeko aukera ere bada.
Koha komunitatea da gakoa!
Mariaje Urkijo eta Leire Mitxelena
(argazkia, CENEAM)
Medialab Tabakalera Liburutegiak