Submitted by ereiten on
Herri galdeketak eta argiteria elektrikoa. Arrazoi batengatik edo besteagatik, argi dago Euskal Herrian oso presente dauden bi gai direla, bestela, saia dadila edozein egungo errealitatea bi hauek gabe imajinatzen. Baina, gure helburua ez da baten edo bestearen pisua neurtu edo baloratzea, baizik eta Getariako bien arteko lotura historikoa zuenganatzea. Image removed.Alde batetik, gai eta eskala ezberdinetako herri galdeketek azken urteetan izan duten pisua ezin da zalantzan jarri, hauen artean entzutetsuenak, Gure Esku Dago dinamikaren bitartez eginiko eskualde mailakoak izan direla esan daitekeelarik. Bestetik, argindarrari dagokionez, pertsona ororen egunerokotasuna baldintzatzen duen fenomenoa dela ukaezina da, uneoro erabiltzen ditugun gailu guztiek korronte elektrikoaren bitartez funtzionatzen baitute. Argindarrik gabe geldituko bagina munduaren amaieraren pareko zerbait izango litzateke, esaterako, etxetresnak erabili ahal izateko oinarrizko baliabiderik gabe geldituko ginateke eta. Getarian 1896. urtera arte ez zen argindarra herrian aplikatu eta zabaltzeko imintziorik egin, baina aipatutako urtetik aurrera, inguruko herriak adibide modura hartuz, Udal Batzordeak hiribilduan argiteria elektrikoa jartzeko erabakia hartu zuen. 1896. urtean Udalak eginiko herri galdeketa batek markatu zuen ezagutzen ditugun argindar elektrikoz betetako etxeak egituratzen joateko lehen pausoa. Udal artxiboko dokumentazioak erakusten digunaren arabera, 1896 irailaren 27an, Udal Batzordearen aginduz aguazila bidali zen argindar elektrikoa etxe partikularretan sartzeko herri galdeketa egitera: “para que en nombre de la Corporación explorase la voluntad del vecindario acerca de las luces que se proponen tomar de luz eléctrica”. Dirudienez, aguazilaren galdeketak ez zuen arrakasta handiegirik izan, 60 inguru iritzi besterik ez baitzituen jaso garai honetan 1351 biztanle zituen herri batean. Honen aurrean, Udalak hartu zuen gaiaren inguruan erabaki bat hartzeko ardura. Horretarako, komisio bat eratzeko erabakia hartu zuten urriaren 10ean, komisio honen ardura bihurtuz argindar elektrikoa etxe partikularretan sartzeko nondik norakoak. Udal aktetan aipatzen da Udalarentzat oso garrantzitsua zela argindar elektrikoaren afera, betiere, herriaren garapenean oinarrituta. Mende bat igarota, komisioaren parte izan zirenak hemen egongo balira, Getaria goitik behera aldatzearen eragileak izan zirela konturatuko lirateke. Xabier Etxeberria Lasa